Artea. Begiz

Okerrak zuzentzen

Ismael Manterola
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Aurreko artikulu batean Paisaia kritikoak: Urdaibaitik abiatuta, artea, natura eta pentsamendua mintegian euskarazko hitzaldirik ez egotea kritikatu nuen. Baina horrela ez zela egiaztatu nuen iragarrita zegoen azken hitzaldian. Ibon Aranberri artistak Gernikako kultur etxean apirilaren 7an eman zuen hitzaldi interesgarria euskaraz izan zen, eta hark ondorioztatu zuen arteari buruzko goi mailako diskurtsoa posible dela. Gainera, Ibonen hitzak jarraitzeko oso jende gutxik behar izan zuen bat-bateko itzulpena, eta horrek noizean behin euskaldunok jatorrizko hizkuntza erabiltzea merezi dugula adierazten digu. Gehiegitan erdarara jotzen dugu, norbaitek euskaraz ez dakielako, benetan jakin gabe hala den edo ez.

Hala ere, ez da hori zuzendu nahi nuen oker bakarra. Mintegiaren egitaraua artea euskaraz ikertzearen gaineko hausnarketarako pizgarri izan bazen ere, ez dut uste moduan eta tonuan asmatu nuenik, batez ere, lankideak ditudan antolatzaile batzuek euskararen alde lan handia egin dutelako.

Zenbatetan gertatzen zaigu egoera orokor batek tanta bakarraren bidez gainditzea eta azkenean xehetasunei luparekin edo mikroskopioarekin begiratzea, benetako arrazoiak eta arazo handiak aipatu gabe lagatzen ditugularik? Horixe da niri gertatu zitzaidana goian aipatutako mintegiarekin. Horregatik, barkamena eskatu nahi nuke moduei eta tonuei gehiegi erreparatu gabe purrustadak botatzeagatik, beti bezala hurbilen ditugunei kalte egiteko.

Oinarrizko ideiak eragiten zuen galderari garrantzia eman beharrean, hau da, non egin behar dugu arteari buruzko ikerketa euskaraz? (egin behar bada, behintzat), adibide hutsean arreta gehiegi jarri nuela iruditzen zait. Egunkarietako idatziak osagai asko ditu, eta, edukiaz gainera, gauzak nola esan arazo bihurtzen da sarritan. Beste batzuetan, berriz, edukietan eta formetan asmatu arren, haserre tonua sumatzen da, eta horrek ere ez du gehiegi laguntzen.

Lerro hauek, beraz, egindako kalteengatik barkamena eskatzeko erabili nahi ditut, oraindik posible bada behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.