Lutxo Egia.
IRITZIA

Off-ekoa ez den ahots bat

2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Gertaera bat pertsona batzuei aldi berean gertatzen zaienean, oroitzapen ezberdin bat fabrikatzen du haietako bakoitzak. Agian oroitzapen batzuk konpartitzea da haietan benetan berriro bidaiatzeko modu bakarra». Honelaxe mintzo zaigu Ilehoria, Oier Guillanen VHS eleberriaren pertsonaietako bat.

Aldi hori nahi adina luza genezake. 25 urte, kasurako. Eta, orduan, litekeena da oroitzapen mordoa konpartitu behar izatea haietan benetan bidaiatu ahal izateko. Zer datorkit niri gogora Bilboko Kafe Antzokiko oroitzapenetan murgiltzen naizenean? 1995eko abenduaren 15ean zabaldu zituen Antzokiko ateak Zenbat Gara elkarteak. Zabaltze-ekitaldira bildu nintzen, erraturik ez banago. Zin egingo nuke bideo batek jaso zuela gertaera. Eta zin egingo nuke bideoa ikusi dudala eta agertzen naizela. Edo agian ez. Beharbada beste pertsona batzuek osatu beharko lukete oroitzapen hori. Berdin da, ez du axola. Baina, bederen, ondo akordatzen naiz abenduaren 15eko ospatze gehienetara azaldu naizela. Miren Agur Meabe gogoratuko da haietako baterako beren-beregi idatzitako poema txundigarriaz. Zenbaki jolastiaz ahots eder batean. Hasia naiz irudiak garbiago ikusten. Eraikin berean den Bilbo Hiria Irratia-ren bunkerrean Euskara jendea serie dokumentalean lanean. Ezinbestean, Mieltxo Monfort eta Apolo leiho ondoko mahai borobilaren bueltan. Tabakoa. Andoni Egaña mikro aurrean: «Apolo tonika bezalakoa zen. Lehen tragoa mikatza, bigarrena atsegin eta azkena maitemin». Antzokia itxiarazi zutenekoa, jakina, elkartasun-uholdea. Joxe Anjel Irigarai aurkezle-lanetan dotore. Manu Chao prentsaurrean. Ruperren liturgian bete-beteko engaiamendua dago, berandu dabiltza-ka. Angela Davis DJ-kabinaren ondoan jesarri da diskretuki. Egun-argitzea parrandaren ziurtagiri. Iñigo Muguruzaren agur zirraragarrian Paradisu Zinemako kameraren argi-zirrinta. Josu eta Gari jende artean 564 jotzen, Teo-k zorion betean tragoari eusten diolarik, mobilak rec moduan, Hibai eta biok, hunkidura. Kitto. Infiniturantz jarrai genezake. Milioika irudik osatzen dute zilarrezko aldi hau. Kitto. Mugatua du espazioa artikulu honek. Oraintxe hasita, zuetako askok milaka irudi ekarriko dituzue datozen egunotan. Milaka eta milaka irudi, oroitzapenen bidaia, kulturaren ibai moduko bat. Bana ekar zenezakete eta konpartitu sare sozialetan.

Aurten urte bereziki goxoa izan behar zuen Antzokiarentzat, ospatze-urtea. Tamalez, pandemiaren eraginez, itxita dago. Ez da bakarra, baina. Bilbon, egoera berean daude beste espazio batzuk, edo nekez aurrera egiten. Kultura-ekitaldi gehien-gehienak administrazioaren esku geratu dira. Off-eko kultura esaten diot. Sartzen zara antzoki edo udaleko kultura-espazio batera eta bozgorailuetatik off-eko boz batek hamar manamenduak gogorarazten dizkizu, nola jokatu behar duzun. Eta zeure buruari galdetzen diozu nola bizi daitekeen kultura herstura horretan, horren manaerraz bihurturik. Azken bi hamarkadotan kultura instituzionalizatze-prozesu beldurgarri bat ezagutzen ari da, halako basamortutze ikusezin bat. Eta pandemiak agerikoago bilakatu du. Horregatik, are nabarmenagoa zaigu orain Antzokiaren hutsa. Antzokia ez baita kultura-ekitaldiak programatzera dedikatzen den espazioa, hasieratik bertatik kultura erdigunean jarri duen ezinbesteko proiektua baizik. Sartzen zara barrura, eta Xabierren boza entzuten duzu, Koldorena, Anerena, Elirena, Mikelena, Axularrena, Josunerena, Lonena, Jotarena, Jabirena, beste lagun askorena…, Xamar-ena, asteazkena bada. Off-ekoa ez den ahots bat.

Ahots horrek ekarri gaitu hona. Orain dela hamar urte, Antzokiaren hamabosgarren urtemugan, berripaper honi esandakoak berreskuratu ditut, denborak eragin ote dien ikusteko irrikaz: Bilboko Kafe Antzokiak jakin du hiria kulturaz zipriztintzen eta gu geu blaitzen; asmatu du sarelana eta elkarlana bultzatzen, amaraun bihurtzen eta hariak sendotzen; asmatu du, era berean, bere burua indar zentripetu bilakatzen, urtez urte proiektua egokituz herritarrak xurgatzen, erdaldunak ere erakartzen; jakin du euskaratik eta euskaraz zentralitateari eusten, kultura prestigiatzen eta arriskuak hartzen; jakin du xume izaten eta abegi egiten; eta, hori guztia gutxi balitz bezala, asmatu du irauten. «Ezer ez da aldatu eta ezer ez da berdin», Igor Elortzak eszenatokian Unai Iturriagari. Datozela beste 25. Zorionak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.