Behin norbaitek hitz egiteari utzi zidan. Arrazoiak ez zeuden nire kontrolpean. Nik maite nuen. Egoera, hortaz, ezin nuen jasan. Noski, frogatxoren bat egin nuen ea isiltasun hori benetan zen, eta bai, ghosting-ak gaur egun arte iraun du. Hau orain dela urte asko gertatu zen. Gauza da nik sentitzen nuela ezin nuela, benetan, fisikoki, horrela iraun. Nire gorputza desintegratuko balitz bezala, ez banion gehiago hitz egiten.
Nolanahi ere, oso ondo lo egiten nuen garai hartan, mezu bat ez bidaltzeak, telefonoz ez hots egiteak, hain esfortzu handia suposatzen zidanez, leher eginda iristen nintzelako gauean ohera. Baina, niretzat garrantzitsuena, erabakia errespetatzea zen, duintasunez (?) jokatzea. «Egun bat gehiago, lortu dut, ez diot hitz egin».
Banekien zerbait oso gaizki zegoela ni horrela sentitzeko. Auzo-lotsa ematen zidan nire buruak; zer jarri nuen hor kanpoan, pertsona hartan, hainbeste behar izateko?
Burmuineko ganbararen batean, ordea, zerbait, badirudi, martxan zebilela oraindik, eta, spoiler, ez nintzen desintegratu.
Hain nengoen dramatiko, egunero altxatzeko arrazoiei buruz galdezka pasatzen nituela orduak. Txori bat nire ondoan banku batean pausatzen zen, eta «hau da!» pentsatzen nuen, «bizitza txori honek egiten du zentzudun!» edo norbait dantzatzen ikusten nuen eta «hara!! berak badaki, berak frogatzen du, hor dago, alaitasuna!». Eta berriro burua nire zorigaitzaren zergatietara bideratzen nuen. Zergatik desagertze hau? Zergatik isiltasuna?
Hasieratik. Kontaktua ez mantentzeko metodo bat idaztea izan zen, baina nire buruari. Aurrena, gure azken elkarrizketa bukatu eta gutxira —telefonoz izan zena—. Banekienez azkenekoa izango zela, erregistratu egin nuen word batean (Bai). Gero, idazlanak libreagoak izan ziren. Beti, testuak interes bat izan behar zuen, forma bat, nire onarpen estetikoa lortzeko. Beraz, nabaria egin zen, obsesioa zerbait duina, onargarria, izateko, objektu ez bizidun batera zuzendu behar nuela. Artea, azken finean, hori zela banekien, abesti bat egitea, koadro bat… hausnarketa berberean behin eta berriz insistitzea, infinituraino. Hor egitea ondo zegoen. Eta hor egin nuen.