benat sarasola
Lauhazka

Obra eta autorea

2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Laszlo Nemesen Saul fia (Saulen semea) eta Jonathan Glazerren TheZone of Interest (Interes-eremua) Holokaustoari buruzko azken hamarkadetako bi film onenetarikoak dira askoren ustez. Auschwitzen daude kokatuak filmok, baina oso modu ezberdinean egiten diote aurre horrorea filmatzeko saiakerari. Nemesek kontzentrazio-esparruko judutarrengan jartzen du arreta, biktimetan, eta ezin gordinagoa da islatzen duena, lehen-plano itogarriaren bidez. Glazerrek, berriz, kontzentrazio-esparruko arduradunengan du begirada, biktimarioetan, eta beste bide bat hartuz, ezin egokiago islatzen du, orobat, zer ankerkeria izan zen hura. Gertakari bera filmatzeko estrategia filmiko eta tonu aski ezberdinak darabiltzate baina biek ere maisuki erakusten dute laztura bera. Artearen zera, p = ¬p posible izatea.

Biei eman zieten nazioarteko film onenaren Oscar saria, eta berriki jakin dut Glazerrek saria jasotzean esandakoengatik polemika piztu zela haien artean. Hitzartzea aprobetxatu zuen salatzeko «okupazio batek bahitu dituela Holokaustoaren eta judutartasunaren kausak, zeinak jende errugabe asko gatazkara eraman dituen. Izan urriaren 7ko Israelgo biktimak, izan Gazako erasokoak». Bistan da aski formulazio biguna erabili zuela, ahula nire iritziko, konparagarriak ez diren bi gertakari parez pare jarrita, besteak beste. Nolanahi den, Israel-zale askoren asaldura eragin zuten, tartean Nemes berarena. Halakoetan errepikatzen diren argudioak erabili zituen; esate batera, Glazerren ikuspuntuak antisemitismoa bultzatzen duela, «egun onartzen eta bultzatzen den diskriminazio-forma bakarra» (?).

Polemika irakurtzen ari nintzela pentsamendu bakarra etorri zitzaidan burura tupustean: «hobeto zeundeten isilik». Ez, noski, film-zuzendari horiei iritzi politikoak emateko eskubidea ukatu nahi diedalako, baizik eta, beren filmen sakontasun eta zentzu egiatiaren aldean, haien adierazpenak arruntak, baldarrak eta sinplekeriaz beteak iruditu zitzaizkidalako. Hau da, deklarazio sinpleen lokatzetan sartuta askoz gehiago dutela galtzeko irabazteko baino eta, benetan, ez zaiela askoz gehiago eskatu behar ere, beren filmekin nahikoa egin dutelako gizateriaren indarkeria-pasarte lazgarrienetako bat artez azalarazteko. Eskuarki, lengoaia arrunta ez baita lengoaia sinbolikoaren sakontasun eta konplexutasunera iristen.

«Hans-Georg Gadamerrek literatura-obra baten zentzuak bere autorea gainditzen duela esan zuen behin, eta arte- eta literatura-zale guztien kopetan marrazteko esaldia begitantzen zait. Ez fidatu autoreekin, gu bezain eskasak izan ohi dira»

Askotan edukiko zenuten antzeko sentipena, hots, autore bat bere obraren bikaintasunetik oso behera dagoelakoa. Hans-Georg Gadamerrek literatura-obra baten zentzuak bere autorea gainditzen duela esan zuen behin, eta arte- eta literatura-zale guztien kopetan marrazteko esaldia begitantzen zait. Ez fidatu autoreekin, gu bezain eskasak izan ohi dira: ahoa ireki eta kaskarkeriak esaten dituzte, gu guztiok bezain erdipurdikoak izaten dira eguneroko bizitzan. Ez dizuet gomendatzen haien tabernetako lagun-arteko solasaldiak entzutea, are gutxiago whatsapp taldeetakoak.

Autoreen kaskarkeriaren kariaz haien obra mespretxatzea artea eta literatura oro har gutxiesteko bide zuzenena begitantzen zait. Jakina, kontrakoa egin izan da maiz, eta hori are okerragoa da. Hots, obra baten bikaintasuna erabiltzea autore baten hobenak justifikatzeko. Placido Domingok txaloaldi luze bat jaso omen zuen Madrilgo Auditorio Nazionalean haren sexu-abusuak publiko egin ondotik.

Alabaina, hasierako bulkada halako izan bazen ere, ez dut uste ezer irabazten dudanik Nemesen zinemagintza baztertzen badut tipoak Gazako genozidioarekin inolako enpatiarik erakusten ez duelako. Eguneroko bizitzan harekin ez egokitzea eta haren adierazpen negargarri horiekin ahaztea, ez diot nire buruari beste ezer desira. Eta munduko Placido eta Domingo guztiengandik aparte ibiltzea ere bai, bidenabar.

The Zone of Interest filmaren fotograma bat.
The Zone of Interest filmeko fotograma bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.