Badirudi botere-guneek ongi zehaztua dutela idazle demokratiko, bakezale, eredugarri, esportagarriaren dekalogoa. Eta Garrok aurrekoan zioen bezala, ohoreak, sariak eta sosak banatu izan dituzte beren diskurtsoa hedatu izan duten idazleen artean; hori guztia, diskurtso ofiziala barneratzen ez duenari salaketaren hatza jartzearen truke.
Fenomeno hori, baina, ez da berria. Garrok aipatzen ditu kasu batzuk, eta halaber, famatua da Amerikako Estatu Batuetan McCarthyren garaian komunista izatearen akusaziopean egindako sorgin-ehiza. Orduan ere hogeita hamar mila liburutik gora zentsuratu omen ziren, eta idazle zein zinemagileak, jazarri. Horien artean, Bertolt Brecht edo Charles Chaplin.
Une historiko bakoitzean ongi eraikitako diskurtsoak sortzen dira sorgin-ehiza hori zilegitzeko. Zilegitze-diskurtso horretan, falaziak saltzen dizkigute arrazonamendu logikoaren prezioan. Literaturaren alorrean, azken aldian honako hau jarri zaigu modan: idazleak bakegintzan aurrera egiten lagundu behar du / bakegintzan aurrera egiteko, ETAk sortutako kalteez hitz egin behar da / ondorioa: idazleak ETAk sortutako kalteez hitz egin behar du.
Arrazoibide horren absurdoa ikusten ez duena saia dadila beste honekin: gazta gehiago badago, zulo gehiago egongo da / zulo gehiago badago, gazta gutxiago egongo da / ondorioa: gazta gehiago badago, gazta gutxiago egongo da.
Ez da bigarrena lehenengoa baino absurdoagoa. Hori bai, lehenengoa ez da bigarrena bezain inozentea. Aurreko batean lankide batek ziostan bezala, subjektuak garen heinean, diskurtsoa egiantzekotasunik finenarekin jantzita ere, beti izango da subjektiboa. Objektuak bagina, izango ginatekeen objektibo. Beraz, egia eraikitzeko ezinbestekoa da guztion testigantzak jasotzea, eta testigantzen aniztasun horrek erakutsiko digu egiaren argazkirik osoena. Hori dela eta, ez dut ulertzen egiaren izenean dabiltzan idazle horien grina, berek esaten dutena errepikatu behar dugula aldarrikatuz.
Inor ez da nor, besteari zer pentsatu behar duen esateko. Inor ez da nor, besteari zer idatzi behar duen esateko. Geure burua neutraltzat izan edo ez, geure esperientzia eta bizipenetatik aritzen gara beti. Honela zioen Benedettik Soy un caso perdido poeman: ... partziala naiz / modu sendaezinean partziala / eta arraroa eman dezakeen arren / guztiz / partziala // badakit / horrek esan nahi du ezingo dudala espero/ hainbeste ohore eta sona / otoitz eta laudorio / munduak erreserbatuta dituenak intelektualentzat / errespetatuak direnentzat / alegia, neutralentzat [...] modu horretan / erremediorik ez dudala ematen duenez / eta guztiz galduta nagoenez / neutralitate emankorrerako / litekeena da idazten jarraitzea / ipuin ez neutralak / eta poemak eta saiakerak eta kantak eta eleberriak / ez neutralak / baina ohartarazten dut horrela izango dela / torturei eta kartzelei buruzkoak izan ez arren / edo beste topiko batzuei buruz, antza / neutroei jasanezin zaizkienak / horrela izango da tximeletei eta lainoei / eta ipotxei eta arraintxoei buruzkoak izanik ere.
Literatura. Hirudia
Objektu ez garelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu