Joan den astean Kritika arrakasta versus salmenta oparoa artikulua ekarri zigun Mikel H. Abaituak, eta aipatzen zuen lehen goi mailako literaturak salmenta kaskarrak izaten zituela; gaur egun, ordea, kritikari anitzek ez diotela obra bati toki ona emango baldin eta, kalitateaz gain, ez badu publikoaren arrakasta apur bat, behintzat. Hortik ondorioztatzen du «ergela ez den euskalidazleak, beraz, ez dio[la] muzin egingo euskal irakurleen 111 Akademiari, esaterako, ezta perretxikoen moduan zorionez sortu diren irakurle-klub guztiei ere».
Iruditzen zait, ordea,komeni zaigula literatur lanak nahiz literatura saltzeko moduak logika ekonomikoaren parametroen arabera irakurtzea (Pierre Bourdieuk proposatzen zuen erara). Beraz, egia da —Abaituak zioen bezala— ez dagoela esaterik irakurle gutxi daukan literatura ona dela de facto; eta ez dago esaterik, orobat, irakurle asko dituena ona dela. Hortaz, nola erabaki nork merezi duen literaturaren historian lekua izatea?
Ez naiz hitz teknikoen zale, ez, bederen, honelako dibulgazio-testuinguruetan. Edozein kasutan, uste dut termino batzuk geurekotu egin behar ditugula, literaturaren errealitate sozialaz aritzeko bidea eskaintzen badigute. Zehazki, erdiguneen bereizketaz dihardut. Ez baitira berdinak erdigune autonomoa eta erdigune heteronomoa (Bourdieu, 1992). Erdigune autonomoan indarra duen elementua, nagusiki, kritikariek nahiz beste idazleek aitortzen duten kalitatea da; alegia, idazleak erdigune autonomoan kokatzen dira literaturaren barneko logikaren ondorioz (horregatik deritzo autonomo). Erdigune heteronomoa betetzen duten idazleak, berriz, logika ekonomikoaren ondorioz kokatzen dira gune horretan (alegia, merkatuak, hedabideek, industria kulturalak eta hezkuntza-sistemak kokatzen dituzte erdigune horretan).
Erdigune bi horien bereizketak laguntzen digu euskal literaturaren errealitatea ulertzen. Izan ere, gaur egungo euskal sisteman gertatzen da idazle batzuei kalitate handia aitortzen zaiela eta, era berean, asko saltzen direla. Eta, jakina, literaturaren betiko ideiarekin bagabiltza (alegia, «idazle onek irakurle gutxi dituzte, eta komertzialek, asko»), logika guztiak hankaz gora jartzen zaizkigu. Ordea, aipatutako erdiguneen bereizketarekin, ohartuko gara idazle batzuek (Atxagak, Saizarbitoriak, Sarrionandiak, Lertxundik…) bi erdiguneetan dutela lekua; batetik, kritikariek nahiz berdinkideek kalitate handia aitortzen dietelako haien lan gehienei, eta bestetik, merkatuan arrakastatsu bihurtu direlako.
Hortaz, literatura autonomoaren erdiguneko mailek izan behar dute, nire ustez, literaturaren historia idazteko oinarri.Honela dio Ur Apalategik: «[...] erakunde literarioaren partaide gisa, zirkulu kualifikatuaren kanona defenditzea dagokit. Eta kanon komertzialaren eraginaren aurka borrokatzea dagokit (salmentak ez direlako inoiz inon automatikoki lotuta egon kalitatearekin baizik eta beste hainbat irizpiderekin), argitaletxe indartsuek eskola eta ikastetxeei inposatzen dieten kanonaren aurka borrokatzea dagokit, hedabideek erabakitzen duten kanonaren aurka borrokatzea dagokit (autore baten komunikazio ahalmenak ez duelako zerikusirik bere obraren balioarekin), kualifikaziorik gabeko epaimahaiek erabakitzen duten kanonaren aurka borrokatzea dagokit».
Hortxe dago gakoa, idazlea nork erdiguneratzen duen. Edozein kasutan, ezein literaturaren historia ezin da lauzpabost idazleren izenetara mugatu; erdigunean sartzen ez diren idazleetan mailak bereizi behar dira, ez baita ez bidezkoa ez eta mesedegarria ere gainontzeko idazle guztiei trataera bera ematea.
Literatura. Hirudia
Nork merezi du lekua literaturaren historian?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu