Bilboko Zazpi Kaleetan bizi naiz. Baserri batean bizi den lagun bat eta biok auzoan zerbait hartzen ari ginela, turistak barra-barra ikusita, esan zidan: «Asko pozten naiz hemen ez bizitzeaz, bost urte barru euskaldisney bat izango baita». Bihotza uzkurtu zitzaidan, arrazoi duela badakidalako.
Onintza Enbeitaren Guggenheim zutabea irakurrita, bere bihotza uzkurtzen sentitu nuen. Beldur da Gernika turistentzat atondutako dekoratu bilakatuko ote den, eta beldur horrek oinarri sendoak ditu. Baita Eider Gotxi Aurtenetxea eta Erroxeli Ojinagaren susmoek ere, Jaurlaritzaren plangintzan erreserbak lehentasunik ez duela esaten dutenean. Galdera ugari botatzen dituzte euren iritzi artikuluan, guztiak zentzuzkoak. Eta guztiak bakar batean laburbildu daitezke: norentzat da Urdaibaiko Guggenheim?
Argi dago ez dela kulturgileentzat. Ez da proiektu kulturalaren berririk eman (proiekturik ez dagoelako, ziur aski), baina Bilboko sukurtsala ikusita, aurreikusi daiteke euskal arte eta kultura gutxi, oso gutxi egongo dela. Artistei galdetuz gero, ziur nahiago dutela diru hori ekoizpenera edo badiren erakundeen programazioa indartzera bideratzea.
Argi dago ez dela zonaldeko kultura zaleentzat. Haientzat balitz, jada existitzen diren museoen aurrekontua igoko litzateke; herrigintzak sustatutako ekimenak (Astra, adibidez) indartuko lirateke; kulturaren arloan lanpostu egonkorrak eta ordainketa duinak sustatuko lirateke, eta programazio aberatsagoa.
Argi dago ez dela naturaren kontserbazioa bilatzen dutenentzat, jakina baita turismo-jario handiak onura gutxi dakarrela halako espazioetan.
Jaurlaritzak esan du ekonomia sustatzeko proiektu bat dela, eta herritar guztiak aberastuko dituela. Eiderrek eta Erroxelik bezala, zalantzak dauzkat. Fundazioak nahieran kudeatutako eta guztiok ordaindutako erakundeko posturik onenak busturiarrentzat izango dira, edo Bilbotik, Madrildik edo zuzenean New Yorketik etorritakoentzat? Bertakoentzat ez al dira geratuko duintasunaren azpitik ordaindutako lanak, erakusketa aretoen zaintza eta garbiketa, kasurako, edo ordu gutxiko postuak?
Ostalaritza sustatuko omen da, baina noiz izan da ostalaritza kalitatezko lanpostuak sortzeko eremua? Busturialdearen etorkizuna udan kañak zerbitzatzearen inguruan eraikiko da, kultura esplotaziorako aitzakia gisa erabilita berriz ere?
Beraz, norentzat da Urdaibaiko Guggenheim? Oraingoz, topatzen ditudan onuradun bakarrak Fundazioko goi karguak, eraikitze enpresak eta ostalaritzako jabe handiak dira. Horietatik kanpo, gernikarren gehiengoaren bizi kalitatearen murrizte agerikoa besterik ez da aurreikusten Bilboko Zazpi Kaleetako etorkizun distopikotik so. Hau omen da kudeaketaren bikaintasunaren eredua.
BEGIZ
Norentzat da Urdaibaiko Guggenheim?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu