Zer nezesidade. Kosta egiten da ulertzea Donostiako Zinemaldiak aurten Johnny Deppi Donostia sari bat eman izana. Aktoreak ibilbide oparoa egin du: film independenteetan rol ikonikoak jokatu zituen 1990eko hamarkadan, eta pertsonaia eszentrikoak gorpuzten egin du karrera ordutik aurrera, batez ere masa ekoizpenetan. Egun, inoizko unerik okerrenean dago: esku hutsik iritsi da Donostiara, aurkezteko pelikularik gabe, eta boikota egiten diotela salatzen. Amber Heard emazte ohiak tratu txarrak leporatu dizkiolako eten dituzte batek baino gehiagok harekin zituzten kontratuak.
Donostiako Zinemaldiak, kritika erauntsien aurrean saria justifikatzeko, justizia sistema defendatzeari heldu dio etsi-etsian. Epaitegietan denetik dago: Deppek The Sun salatu zuen difamazioagatik, eta Erresuma Batuko epaile batek atzera bota zuen salaketa, ikusirik bazela nahikoa froga egunkari batean aktoreak «emazteari tratu txarrak eman zizkiola» esateko; AEBetan, beste epaile batek bide eman dio Deppen kereilari.
Iaz Woody Allen, aurten Depp. Donostia AEBetan zerrenda beltzera sartu dituztenen —kantzelatu dituztenen— harrera gunea bihurtu dute. Pertsona eta obra bereizi behar direla, ezin dela epai moralik muturrera eraman... Artista horien aurkako kanpainen atzean egon litezkeen asmo ilunen gainetik beste zerbait dago: ikusle emantzipatuak. Emantzipatu direnak urteetan ezarritako kanonetatik, eta gai direnak erabakitzeko zeri txalo egin eta zeri ez.
Mirari bat. Mirari baten modukoa da Joanna Hogg zuzendari ingelesaren The Souvenir: Part II pelikula, The Souvenir (2019) aitzindaria bezalaxe. Hoggen bosgarren film luzea da. 2007an egin zuen lehena, Unrelated, 47 urte zituela. Modernitate biziko lanak egin ditu, ohiko narrazio eta eszenaratze moldeetatik aparte. Film guztiak dira bereziak; denetan igartzen da istorio bat ikuspegi pertsonal batetik kontatzeko gogoa, eta estilo dotore eta bereizgarri batek elkartzen ditu. Pixkanaka hedatu da Hoggen izenaren oihartzuna, eta The Souvenir-ek izandako arrakastari esker zabaldu da gehien.
Ikasle garaiko bizipenetan oinarritu du bi zatitako kontakizuna. Lehen zatia enigmatikoa da, ez du errukirik erakusten; haren aldean, argia eta dibertigarria da segida. Julie izeneko zinema ikasle batek bera baino zaharragoa den gizon batekin duen harreman toxikoa eta haren ondorena erakutsi ditu Hoggek. Sendagarria da protagonistari iraganeko zauriak ixten eta bere ahotsa bilatzen laguntzea. Giro intimo horretan, musikak arnasa ematen dio istorioari. Hunkigarria da Nico abeslaria entzutea Sixty/Forty kantuan galdezka: «Will there be another time/ Another year, another wish to stay?».
MOBIOLA
Non jarri gogoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu