LAUHAZKA

Noiz erabaki genuen haurren eskubideak desagerraraztea?

2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Normaltasun berria sortuko den momentu honetan, iritzia emateko normaltasun berria ere ageri da. Askatasun urraketez hitz egiteko asmorik ez badut ere, horiek ere badaude testu honen atzean, baita berrogeialdian osasunaren aitzakiarekin hartuko diren neurriak ere. Lehendabiziko aldiz egoera zailean ikusten dut neure burua «botereak» hartutako erabakien aurrean kritikotasuna azaltzeko, egun, COVID-19aren pandemiaren inguruan hartutako neurriei kritikak egiteak ia-ia «negazionista» bilakatzen zaituelako, itxialdiaren arau guztiak beteta ere. Hamarkadetako borrokek lortutakoak bi egunetan zaborretara joan dira.

Areagotu egin zait sentsazio hori joan den igandean ikusitakoaren ondoren —gurasoei zuzendutako kritika gogorrak edo, «zuek berrogeialdiaren hirugarren hilabetearen arduradunak izanen zarete» lelodun memeak—. Sen onaren aldaketa bat ikusi nuen hor, gertuko hiritarrak gurasoak seinalatzen ikusiz, Barne Ministerioak arauak kasu batzuetan besterik urratu ez zirela esaten zuen bitartean, egoeraren paisaian askatasun apur bat eman zen lehen momentuan, haurrei ordubetez kalera ateratzeko eskubidea eman zitzaienean. Arduragabekeria salatzen zuten ahotsek ez zuten umeen osasuna izendatu ere egiten.

Ez naiz pedagogoa baina praxia daukat, ez naiz pediatra baina begiak ditut. Gure etxean ume txikiak daude, eta egunez eguneko aldaketak ikusi ditugu aste hauetan guztietan. Umeak «edozein egoeratara» egokitzen direla dioen leloarekin aurre egin genion itxialdiari. Galderak erantzun genituen, babesa erakutsi genien, ekintza aunitz prestatu-jaso, bideo deiak egin. Baina egunek aurrera egiten zuten, eta haiek haserrea, bortizkeria, urduritasuna, suminkortasuna, etengabeko oihuak... azaltzen zizkiguten. Borondateak eragiten ez zituen erantzunak ikusten hasi ginen. Jarrera aldaketa horrek zerbait esan nahi zuen.

Irakasle, pedagogo zein adituen hitzak entzun ditugu aste hauetan guztietan. Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak ere irakurri ditugu. Denak haurren behar bereziez mintzo zaizkigu. Kasurik ez. Eta orain Wuhaneko umeei egindako ikerketaren emaitzak ditugu, zeintzuetan azaltzen den, itxialdiaren ondorioz, haurren %25ek depresio zantzuak azaltzen dituztela. COVID-19aren pandemian haurrekin egin beharreko bakarra etxean geldiaraztea zen, gurasooi ez zitzaigun hori baino gehiago eskatzen, baina krisi honetan haiek ez dira behar propioak dituzten subjektu gisa azaldu inoiz ere. Eta ume askok oso ondorio txarrak jasango dituzte, hori ikusten ari gara jada.

Oraingoan ere, pandemiari aurre egiteko neurriak subjektu bakar baten berezitasunen neurrira pentsatu dituzte erakundeek eta kapitalak: subjektu autonomoa, osasuntsua, telelana egin dezakeena, zainketa ardurarik ez duena, paperak dituena, konexio problemarik ez duena, etxe baten jabea... Hau da, etxean lasai-lasai lanean gelditu daitekeena. Baina gizartearen parte handi bat ez da eredu horretara egokitzen, eta hor ez daudenen ezinbesteko behar asko, osasunarekin harreman zuzena dutenak, ez dira bermatu. Umeak dira deskripzio horretatik kanpo gelditzen lehenak.

Umeen gehiengoarengan COVID-19ak ez du ondoriorik izango, baina helduen berezitasunak bermatzeko hartutako neurriek, horiek bai, oso ondorio latzak izanen dituzte haiengan, eta albo kalte horiek ez dira inongo ministerioko zerrendatan agertuko. Umeak errespetuz eta berdintasunez tratatzen dituztenen eskuetan egonen da sendaketa prozesu hori.

Haurrak ondoan ditugunok inork baino hobeki dakigu zein indartsuak diren, zein erresilientzia maila duten; horregatik, haurren eskubideez hitz egiten dugunean, ez dugu ahuldadetik egiten —haurrak ondoan ez dituztenek bakarrik egiten dute hori—. Eskubide osoko pertsonak dira, propioak dituzten beharrekin helduen beharren pean bizi behar ez dutenak. Beraiek izan dira, eta ez beste asko, itxialdi honetako eredu, baina ikusezinak dira eta eskubiderik ez dute. Lotsagarria da isilpean gertatutako eskubide urraketa hauek arduradun politiko guztien isiltasuna lagun izan dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.