Joe Jackson
I'm the Man
A&M, 1979
New wave britainiarra zer izan zen primeran laburbiltzen dute Joe Jacksonen lehen albumek: haren lehengusu punka bezala, back to basics bat izan zen (ongi etorri gitarra-baxua-bateria, agur progresiboaren arrandia orkrestalari eta sintetizadore-mendiei), eta energiaz beteta zetorren. Baina ez zuen planteatzen, punkak bezala, apurketa bat, jarraipen bat baizik: 1967 inguruan pop-rockak abandonatu zuen ildorako nolabaiteko itzulera alegia. Izan ere, rockaren lehenengo mugimendu revivalistatzat jo dezakegu new wave-a, ondo disimulatzen jakin bazuen ere, hirurogeietako beat musikaren osagaiei Jamaikatik etorritako reggae eta ska erritmoen oihartzunak gehituz, adibidez (eta haiek zurituz, bide batez esanda: entzun, esaterako, disko honetako Geraldine and John). Horretan, zalantzarik gabe, maisua izan zen Jackson, zeinaren lehenengo hiru albumak, niretzat, garaiko onenaren artean daude. Hainbeste, ezen kostatu baitzait bat aukeratzea, batez ere bere bigarrena izan zen I'm the Man honen eta estreinako Look Sharp! ikonikoaren artean, biak urte berekoak: argi dago gizona emankor zebilela garai hartan. Baina, azkenean, egun batzuetan zehar bata eta bestea alternatiboki entzun ondoren, honi egin diot lekua. Alde batetik, meritu handia delako debut ikaragarri baten ostean bigarren elepe on bat egitea (the difficult second album esapidea ez da, inondik ere, alferrikakoa). Eta, bestetik, abesti demasez beteta zetorrelako, On Your Radio meta-mendekuzale eta dantzagarritik, marketingaren munduari kritika egiten dion I'm the Man ironikora, Don't Wanna Be Like That energetikotik edo estereotipoei buelta ematen saiatzen den It's Different for Girls himnotik pasatuta, noski. Gozamena.
Elvis Costello and The Attractions
Get Happy!!
F-Beat, 1980
Bakarlariak, ados: aitor dut hemen (ere) tranpa egin dudala pixka bat, hala Joe Jackson nola orain okupatuko nauen Elvis Costello ez zirelako horren urrun iritsiko atzean musika-talde itzelak izan ez balituzte: The Joe Jackson Band lehenaren kasuan, eta The Attractions Costellorenean. Hauxe izan zen haiekin grabatu zuen hirugarrena (aurretik, 1977an, beste bat atera zuen, banda finkorik gabe zegoela, bere lehenengoa, My Aim Is True), eta nabaritzen da makineria ondo koipeztatuta zegoela horrezkero. Kasu honetan ere lanak izan ditut aukeratzen: hau, ala aurreko urteko Armed Forces konpaktuagoa? Azkenean, diruz eskas nenbilen gazte garaian bezala, luzeenaren alde egin dut: elepe bakarrean kanta gehien daramatzana. Izan ere, album honen jatorrizko bertsioak hogei zekarren, hamar alde bakoitzeko! Eta horrek Get Happy!!-ren aldeko bigarren argudiora narama: askotarikotasunera. Zeren eta, new wave-ko album idiosinkratiko bat izateari utzi gabe, estilo gehiagoetara irekitzen da hemen Costello, soul eta Motown aldera batez ere (entzun Secondary Modern, esaterako, edo Love for Tender), bere ondorengo karreraren bilakaera koloreaniztunaren hitzaurre gisa. Izenburuak gaztigatzen duen bezala, doinu alaietako diskoa da (hitzak ez hainbeste), oso dantzagarria (probatu Human Touch skazalearekin, The Imposter-ekin, Temptation zaluarekin, edo are High Fidelity-rekin, Nick Hornby-ren nobelaren izenburuaren iturburu). Baina, aipatu bezala, beste erregistro batzuk jotzen ditu, orobat, diskoak: bertan daude Possession ziniko-desesperatua, New Amsterdam eder-nostalgikoa, eta, batez ere, Riot Act hunkigarria, barkamen eske gabiltzan ahobero guztiok noizean behin abestu beharko genukeena.
Kirsty MacColl
The Essential Collection
Stiff Records, 1993
Bat edo bat haserretuko zait, agian, aukeratu dudan hirugarren diskoa ez delako Graham Parkerrena. Edo are Ian Dury edo Tom Robinsonena, aro hartako beste luminaria batzuk aipatzearren. Baina horietako bat ere ez zait MacColl bezainbeste gustatzen, beraz, izorratzea du. Gainera, honek aukera ematen dit erdi ahaztuta dagoen artista bat erreskatatzeko, MacColl, tamalez, oroituagoa delako The Pogues taldearekin egin zuen kolaborazioagatik, Fairytale of New York hit-ean, bere obragatik baino, ez zena zabalegia suertatu bere heriotza goiztiarragatik, 2000an. MacCollek, Jackson eta Costellok bezala, eboluzionatzen jarraitu zuen urteek aurrera egin ahala, eta bere sustrai olatuberritsuetatik urrundu zen (bere helduaroko lanik onena, niretzat, 1993ko Titanic Days dotorea da). Baina, haiek bezala, MacCollek new wave-ko artista gisa hasi zuen bidea, eta elepe biribilik ontzera ailegatu ez bazen ere, estilo horrekin lotu daitekeen single on mordoxka bat utzi zuen (garaiko beste artista askori gertatu zitzaien bezala). Bilduma honek, hain zuzen, Stiff diskoetxe enblematikorako 1979 eta 1984 artean egin zituen batzuk biltzen ditu, They Don't Knownew wave-ko balada kintesentzialetik (Tracey Ullmanek hit bihurtu zuena 1983an), A New England arrakastatsura (non MacColl bera izan zen Billy Bragg adiskideari kanta ebatsi eta haren bertsio definitiboa egin zuena). Tartean, aroaren izpiritua ezin hobeto erakusten duten zenbait abesti, esaterako There's a Guy Works Down the Chip Shop Swears He's Elvis (non oinarrizkoetarako itzulera, garaian ere ohikoa izan zen bezala, rockabillyaren bitartez egiten baita), edo Terry, hit estatusa merezi zuen beste ia-balada bat. Berreskuratzeko.