Nerea Ibarzabal, etengabe gora

Gorka Azkarate.
2023ko abenduaren 16a
22:24
Entzun

Denbora darama dagoeneko Nerea Ibarzabalek olatu aparretan. Bizkaiko txapeldun zen atzo saioa hasi aurretik, eta ezin ahaztu iaz txapelketa nagusian lorturiko balentria. Hori guztia gutxi balitz bezala, plazan pisu handia duen bertsolaria da gaur-gaurkoz. Bera zen atzo txapela janzteko faborito nagusia eta saioa jarraitu ez eta amaierako emaitzari soilik erreparatuko dion norbaitek pentsa lezake, agian, pronostikoak modu errazean bete baino ez zuela egin markinarrak. Eustea tokatu zitzaion, ordea, zenbait unetan, ale solte ederrak bota bai baina bertsoaldiak borobildu ezinda bezala aritu baitzen saioaren lehenengo zatian, irristadaren bat ere tartean. Bertsolariak saioa barrutik nola bizi duen jakitea ezinezkoa da, baina esango nuke lehenengo txanpako bakarkakoa kantatu aurretik buruz burukorako sailkapen txartela ez zuela hain garbi ikusiko. Bete-betean asmatu zuen, ordea, bakarkako horretan, lagunarte toxikoaren gaiaren harira, eta hortik aurrera gora eta gora egin zuen, buruz burukoan ordura arte bere gainetik aritu zen Jone Uria baino gehiago izatera iristeraino. Algortarrak, edozein kasutan, txapela inoiz baino gertuago izan zuela esatea ez da gehiegikeria. Irabazteko gosez igo zen oholtzara, eta maila oso onean aritu zen kantuan oro har, potoren batek ihes egin bazion ere. Puntu eskukadatxo bat falta izan zitzaion sari nagusia lortzeko, baina aitzakiarik gabeko saioa osatu zuen. Beste behin ere.

Buruz burukoaren atarian geratu ziren ondorengo lau sailkatuak. Bereziki gertu, Xabat Galletebeitia. Bakarkakoan jo zuen goia lekeitiarrak: gertukoek frikitzat daukatenaren larrutik, bertsoaldi oso sinesgarria ondu zuen. Aurretik ere utzi zuen maila handiko zertzeladarik ofizioka. Gorka Pagonabarragaren bertsokerak jauzi kualitatibo nabarmena eman du azken boladan. Akatsik egin gabe eta elementuak zein erreferentziak ekarriz une oro kontakizunera, bikain aritu zen kantuan. Onintza Enbeitak entzulearengan orotariko sentipenak sorrarazteko daukan gaitasuna ikaragarria da. Ofizio askotan pisua eramatea tokatu zitzaion, eta laguntza ikaragarria izan zen unean uneko kantukidearentzat. Oihana Bartrak bertsokera seguruaz bere bidea egin zuen atzoko finalean, eta ez zuen urruti izan buruz burukoa. Bereziki dirdiratsu puntu erantzunetan, bilbotarra. Aitor Etxebarriazarragak ez zuen bere arratsalderik onena izan. Saiatu zen beretik ematen, baina ofiziotan bere lekua aurkitu ezinda bezala sumatu genuen tarteka, eta beragan ohikoak ez diren akats bat edo beste egin zituen saioaren joanean. Bere mailarik onenera iritsi ezinda, gogoz saiatu zen arren. Lehenengo finala zuen Aissa Intxaustik; lotsagabe aritu zen kantuan, eta entzulearengana iristeko daukan aparteko erraztasuna agerian utzi zuen kantatzeko abagunea izan zuen une oro. Beste ezeren gainetik, jarrera bat oholtza gainean. Emango du zeresanik datozen urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.