Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Nekearena

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Zer gertatzen zaio gorputzari nekeak hartzen duenean? Hartzen ote du mendien pausa, azkenean? Hazten ote zaizkio goroldio eta zuhaixkak, anemonak eta koralak, txori zauritu baten hegalak? Inork ez dit irakatsi amore ematen. Inork ez zidan esan lasai emateko amore, aldi baterako dela beti. Nekeaz inor gutxik hitz egin dit benetan, ez bada pasadan, kaleko joan-etorri presazkoetan, emanaldien osteko pote-truke erdi-frenetikoetan, antzerki sozialaren erantzunik komodinenaren abaroan: «Nekatuta, baina ondo». Bizkarra gogortzea errazagoa zaigu gure gorputza bero eta bigun mantentzea baino. Erresistentzia baino zailagoa da batzuetan errendizioa.

Zer ekarpen egin ote dio nekeak arteari, literaturari, sormenari, ekintzaren beharrezkotasunaz soilik mintzo den gizarte eta kultur industria baten baitan? Nik ez dut ikasi ekintza baino: gorputz-jarrera konkretu bat edukitzen, burua aurrerantz, txori erne bat banintz bezala; burua alde batera eta bestera mugitzen, artega, gose eta egarriz hildako beste animalien begi-kliskak harrapatzeko; anbizioa potentzialtasunez bazkatzen, sekula lurreratu gabe.

«Nekeari buruzko aipuak» idatzi dut bilatzailean, eta ez dut nekeari buruzko teoriarik aurkitu. Liburuetatik ostutako esaldi askok deskribatzen dute pertsonaia jakinak nola sentitzen diren («ogi-xerra handiegi batean zabaldutako gurina bezala»; deskribapen ezin hobea, Tolkien), baina akiduraren esanguraz ezer gutxi aurkitu dut. «Zein da nekearen zentzua?» idatzi dut, bilaketa zehatzagoak erantzunak emango zizkidalakoan, baina medikuntzako webgune pila bat agertu zaizkit.

La sociedad del cansancio (Nekearen gizartea) liburua etorri zait gogora, Byung-Chul Han filosofoarena. Aspaldi irakurri nuen, eta azpimarratu nituen aipuz aipu saltoka ibili naiz, iraganeko ni azpimarratzaile horri oso eskertuta. Bi neke mota bereizten ditu, besteak beste, filosofoak:

«Elkarrengandik aldentzen gaituen nekea: erortzen ari ginen biok dagoeneko, nor bere aldetik; nor bere neke propio eta partikularrarekin, ez gurea, ezpada hemengo nire nekea eta hango zurea (...). Neke horiek indarkeria dira, komunitate oro suntsitzen dutelako».

Neke indibiduala da hori: elkarrekin lehian jartzen gaituen neke bat, gorputzaz arduratzen ez den neke bat, kultur industriaren presiopean sortutako neke bat, bareezina. Ulertezina, besteen begietan. Ez al digute transmititu sakrifizioa eta lan gogorra daudela arrakasta artistikoaren atzean? Lehenbailehen egin behar duzula leku bat zuretzako? Sufritu egin behar duzula pixka bat? Ez duzula sekula amore eman behar? Sortzea zurrunbilo frenetiko bat dela? Kontaktuak eta lagunak egitea, hemendik hara ibiltzea eta sekula ez deskantsatzea? Diruagatik larritzea eta zure burua aski argi definitzea? Ez al zen frenesi hori nahi genuena? Ez al da frenesi hori izan hainbat eta hainbat artelanen sorburua? Ez al genuen sormena profesionalizatu nahi? Eta lana ez al da ba horixe: lana? Astelehen-ostiral-8-ordu-eta-nekatuta-bizitzea?

Alternatiba egon badago, ordea, nekatuta egoteko:

«Munduarekin batera nekatzea da nekearekin adiskidetzea. Funtsezko nekea da ezer egiteko gai ez izatea eragiten duen akidura-egoera hori ez den beste oro. (...) Ez-egiteak inspiratu egiten du. (...) Neke sakonak identitatearen lotura lasaitzen du. Gauzek dir-dir egiten dute, argi egiten dute eta bibrazioaren sorburu dira. Lausotu egiten dira, ireki, eta akaso galdu egiten dute determinazio pixka bat. (...) Nekea nire laguna zen. Hantxe nengoen ni berriro, munduan».

Geldi egoteko modu asko daude, motel ibiltzeko hamar mila aukera. Horrela ere idatz liteke, eta zutabe hau duzue horren froga. Irudi ederrez betea dut burua, aspaldian ez bezala. Nekeak zabaldu du haitzulo bat nire baitan, aho goxo bat: ez dira ahutzak, ezpada maitale baten ezpain erdi irekiak, ni hartzeko zain. Argi apurrez barneratu eta hantxe nago orain, milaka urteko tantak entzuten. Landareak ureztatzen ditut goizean eta jasminaren usainaz hunkitzen arratsean. Horrela ere bizi liteke bat, anbizio eta asmo artistiko handirik gabe. Horrela ere bizi liteke bat. Eta horrela ere sortu lezake.

Eta tren azkarregi honetatik jaitsiz gero zer gertatuko litzateke? Aktibo ez banago, helduko ote diet inoiz nire asmoei berriro? Altxatuko ote naiz sofatik inoiz, hartuko ote dut atzera gitarra? Ez dakit, baina hau da oraintxe behar dudana, eta aukera paregabe hau aprobetxatuko dut ezer-gutxi egin eta munduarekin egoteko. Sentitzen dut naizela rock progresiboko kantu bat, lelorik gabea, poliki eta motel hasi eta gorantz egiten duena, astiro lehertu arte. Uste dut haitzulo honek, aho goxo honek jasan lezakeela halako doinu bat: gitarra nagi bat eta lau akorde, hitz soilen oihartzuna eta gorabide amaigabe bat. Byung-Chul Hanen liburuak jasotzen du aipu bat zera dioena: «Nekeak bihotz handia du» (Maurice Blanchot). Agian horixe da haitzulo hau: bihotz handi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.