Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Nekea

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Aitortuko dizuet egia. Aste batzuetan entseguak eta kontzertuak bata bestearen atzetik pilatzen direnean—aste honetan, lau kontzertu eta pare bat entsegu egin ditugu—, hasten da nekea pilatzen eta gorputzeko giharrak kexatzen. Lokaleko ordu horietan, batek errepertorioaren erdian eseri egin behar izaten du bizkarrean krakateko bat nabaritu duelako, besteak hilero masajistarengana joaten hasi dela kontatu du, eta beste batek abesti tarteetan altxatu egin behar du zangarretan tentsioa nabari duelako, eta luzaketak egiteak mesede egiten diolako.

Bai. Horrela kontatuta ez dirudi rock talde bat garenik, eguneko zentro bateko eszena gehiago ematen du musika lokalekoa baino. Kontua da kanpotik ez dela agian antzematen, baina bolada batzuetan musikarion bizitza kirolari profesionalen parekoa dela esatera ausartuko nintzatekeela esfortzuari dagokionez behintzat. Instrumentu guztiak furgonetan kargatzen eta deskargatzen pasatzen dugun denborari, jotzeko orduan egiten ditugun mugimendu errepikakorrak gehitu behar zaizkio, kontzertuetara iristeko gidatzen pilatzen ditugun kilometroak ahaztu gabe. Laburpena: gimnasiora joan beharrik behintzat ez dugula. Izerdia atera, ateratzen dugula.

Nolanahi ere, agian 30etik hurbil egoteak ere zeresana edukiko du giharren errendimenduan. Pentsamendu hauekin nindoan kotxean Arctic Monkeysen disko berria entzuten, aste honetan kaleratu baitute Tranquility Base Hotel & Casino lana. Abestiak lasaiagoak dira aurrekoekin alderatuta, eta pianoak protagonismoa hartu du. Bost urte pasatu dituzte diskorik argitaratu gabe, eta Alex Turner liderrak azaldu du zergatia. «Ziurrenik denborarekin perfekzionistagoa bihurtu naiz. Hau da 30ak beteta ditudala grabatutako lehen diskoa». Hain justu adierazi du 30 urte egin zituen egunean lagun batek piano bat oparitu ziola, eta horrek eraginda hasi omen zen kantuak pianoan sortzen. Agian, gure nekearentzat ere hori da irtenbidea. Piano bat erosi eta kantu lasaiagoak egiten hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.