Literatura. Hirudia

Negarrak eta aitzakiak, plazerez

2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Onartu beharra daukat nagi heldu niola Iban Zalduaren Ese idioma raro y poderoso liburuari. Azkenaldian kanporako idatzi eta filmatutako lan horietan topiko higatuak baizik ez ditut aurkitu, eta, beraz, ez zen harritzekoa ere nire aurretiko jarrera hori. Gogoetagaiz mukuru dago liburua: asko jakinak, baina beste batzuk burua alhatzeko egokiak. Horietako bat dugu euskal idazlearen negarrerako isuria. Euskal idazlea ia beti negarrez ari omen da: gutxi saltzen dela, gutxiago irakurtzen… Azken batean, gure neurri horretan, arranguraz.

Ez da erakargarria jokamolde hori, Zalduak dioenez, baina ba omen dugu galtzaileen aldeko halako joera bat denok, eta abar, eta abar. Ni beti saiatzen naiz liliak aurkitzen zabortegian (ai, Aresti!), eta garraio publikoan goitik behera eskaneatzen ditut auzokoen liburuak, baina ez dut halako ale askorik aurkitzen (nork du, ba, irakurtzeko gogorik goizeko zazpietan?, nor ez dago unatuegi etxerakoan liburu bat zabaltzeko?).

Zalduaren tesia da euskaraz idazten duela, hain zuzen, beste batzuek aurretik euskaraz idatziak irakurriz izugarri gozatu duelako. Hara, horra euskal idazleen lorpen txiki-handi bat: euskal idazlez erditzea. Duela hilabete batzuk EHUko Letren Fakultatean izan ginen jardunaldi batean, eta hango hizlari batek, Sherry Simon quebectarrak, harriduraz galdetzen zion bere buruari nolatan segitzen zuten Quebeceko idazleek frantsesez idazten merkatu anglosaxoia hain handia izanik. Atzemanezina den gako bat ba omen dago erabaki horretan.

Gu horretan ere ez gara hain diferente (uste dut esaldi hau larregitan idatzi dudala azken boladan). Bada horretan guztian, Zalduari kasu egitera, atseginbide bat. Eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ezta euli-kaka ere. Aurreko belaunaldiko idazleetako askok aitortua dute militantziaz hasi zirela euskaraz idazten, euskal literatura bat sortu guran. Hala mintzatu zaizkigu, esaterako, Sa[izarbitor/rrionand]ia. Zalduaren erantzun epikureoagoa, berriz, arras bestelakoa da, ez hobea, ez kaskarragoa, beharbada normalizatuagoa (on bezain txar izan liteke hori).

Interesgarria da idazle trans-irakurlearen gako hori. Nik, urteotan, autobusean ez hainbeste, baina hurbilean, bai, gurutzatu dut halako batean euskaraz irakurtzen hasi den kristau-rik. Eta, aspaldi ez dela, horietako batek inpentsan bota zidan: «Itxaro Bordaren liburua ikusi neutsun lehengoan. Ona da?». Harritu zitzaidan, harritu. Eta han hasi nintzen zezelka: «Bai, baina iparraldeko berbetea darabil, eta badakizu». Hain barneratuak ditugu aitzakiok: inor denboragarrenera halako kontuekin etortzea baino nahiago geuk aurreratu. Koldarra! Kakontzia! Ez, ba, jaun-andreok, handik gutxira irakurleberri hori etorri zitzaidan, esanez, hitz bat edo beste gorabehera, gustura ari zela. To!

Itzultzaileon oraintsu arteko ospe eskasa ere oso aitzakia arrunta da, zeren mundu zabalean gu baizik ez ginen, nonbait, itzulpen onak egiteko gai. Aspaldi errotu zen aitzakia, eta hor dirau, literatura topikoz beteriko mundua baita, eta denok ditugu geure aurreiritziak liburuak aukeratzean, neurrian hasi eta hizkuntzan buka. Batzuetan, beraz, badirudi Tabucchi-k eta Pavese-k gaztelaniaz idatzi zutela, edo behintzat sinesgarriago direla hizkuntza horretan. Beste batzuek, berriz, ahal dela jatorrizkoa irakurri beharra aldarrikatzen dute, baina, tira, norberak ikusiko zerekin gozatzen duen, nolako irritsak dituen, zerekin urtzen den. Literatura atseginbide ere bada, plazererako ate, batzuetan mingarri, besteetan amultsu. Plazera gauza serioa da, aizue, ez txoriburukeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.