Uztaila da, Fontesen nago, Portugalen. Fontes hitzak Iturriak esan nahi du. Bertan, Nascentes izeneko jaialdi batean joko dut. Nascentes zera da, sorlekua, iturburua. Beraz, ibai bat, konkretuki, Lis ibaia jaiotzen den lekua da Fontes. Hau guztia poema bat bezalakoa da, eta erreala ere bai.
1.000 biztanle inguru bizi diren leku honetara iritsi naiz eta sukarra daukat, mukiek ez didate uzten arnasa hartzen, baina joko dut, okerrago ere egonda jo izan dudalako. Zer bestela? Zein arduratzen da gastuez? Zein geratzen da kobratu gabe?, galdetzen diot neure buruari, termotik ura edan eta edan ari naizela.
Atzo hegazkina hartu nuenean, Euskal Herrian hotza egiten zuen; hemen, ordea, eguzkiak gogor jotzen du. Lis ibaian murgiltzen naiz, ume batzuen ondoan, ur hotz-hotzean. Fontes erditik zeharkatzen du ibaiak. Jendea erosketak egiten ikusten dut ur azpitik.
Herriko jendeak antolatu du jaialdia, eta haien artean egiten dituzte produkzio lanak. Emakume batzuek ekartzen dute bazkaria bizilagun baten txoko batera, gazte batzuek pick-up autoetan eramaten dituzte altabozak eta kableatu guztia, aldagela bezala atontzen dituzte herritarrek haien garaje edo etxeak…
Askok dakite gaztelaniaz hitz egiten, eta lotsatuta sentitzen naiz; nik egun onak eta eskerrak ematen bakarrik dakit portugesez, hamaika alditan hona jotzera etorri eta gero. Zergatik dakiten hain ondo espainolez galdetu diet. Esan didate edozer saltzea dela portugesen kultura, eta, beraz, ondo dakitela beste hizkuntza askotan hitz egiten. Nazareteko lagun batzuen istorioa kontatu didate, bertako airea botiletan saldu ere egiten zutela kontatuz. Barrez lehertu dira.
Soinu probara noa, bi gazte kamiseta gabe daude, haien ile luzeekin, niri begira, soinu-mahaia ukitzen. Pikondo bat dute atzean, berde distiratsuzko mandorla baten antzera, bi gorputzak inguratuz. Planoan zerbait ikusten dut mugitzen, behean, eskuin aldean. Iletsua eta beltza da. Ulertzen saiatzen naiz. Txerri beltz bat da, paseatzen. Bi mutilak soina biluzik dutela, pikondoa eta txerria ikusten ditut irudi berean. Ez da ba sukarra izango?