Beñat Eizagirre Indo.
Analisia

Narrazioak

2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Joan den Donostiako Zinemaldian Esta no es la vida privada de Javier Krahe estreinatu zuten Ana Murugarren eta Javier Trincadok, eta gaurkoan La dama guerrera: la leyenda de Ana de Velasco aurkeztuko dute Arriaga antzokian, Zinebi jaialdiaren barruan. Martzilla gazteluko markesaren erresistentziaren inguruko film historikoa da, eta gertatutakoa benetan jazo zen arren, komedia kutsua eman nahi izan diote egileek; Nafarroako konkista egungo gizarteari kontatzeko modu ezin aproposagoa izan daiteke, edozein tragediaren aurrean itxaropena mantentzea ezinbestekoa dela aldarrikatuz. Tonu komikoa hautatzeko arrazoi nagusia istorioa bera da, Cristobal Villalba Gaztelako koronel ahaltsua menpean hartzea lortu baitzuen Ana de Velascok. 44 minutuko filma izanik istorioa sinplea da, baina atsegina eta entretenigarria dela ezin uka daiteke. Kontatu nahi duen hori argi eta garbi azaltzea lortzen du; beraz, esan daiteke helburua primeran betetzen duela. Ezin zaio gehiago eskatu. Historia hainbat narraziok osatzen dute, eta ikuspuntu aniztasuna arazo gisa ikusi ohi da historiografiaren alorrean. Iraganean, egia eta gezurraren arteko muga bereiztea errazagoa zirudien, gizon zuriaren ikuspuntua nagusi zenean. Baina egungo subjektua askoz konplexuagoa da, klasea, etnia, generoa… aldagaiak ukatzea ezinezkoa gertatzen baita, eta, hortaz, gertakari beraren inguruan interpretazio kontrajarriak egon daitezke. Modernitatearen krisiaren ondorioz, europar ilustratuaren ikuspuntuak egia absolutu izateari utzi dio, eta menpeko subjektuek euren historia kontatu ahal izan dute. Historiak irabazleen narrazioak soilik legitimatu izan ditu gainerako bertsioak heresiatzat joz. Hainbat narrazio aintzat hartzea mesedegarri suerta daiteke aniztasuna defendatu nahi bada. Bestalde, umorea historiara hurbiltzeko beste modu bat izan daiteke; Der Name der Rose (1986) lanaren tesiaren arabera umoreak Jainkoaren (edo historialarien) autoritatea ezbaian ipin dezake. Historiak herri xehea alde batera utzi izan du, eta justizia egiteko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.