Maite Larburu.
LAU HAZKA

Musikari esnobaren bira eskuliburua

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
ERAMAN BEHAR DIREN GAUZEN ZERRENDA

1. Labana zorrotz bat.
2. Entzungailuak (soinu-ezabatzaile funtzioa badute hobe).
3. Tapoiak.
4. Xaboi lehorra (lokarri luze bat, pintzak).
5. Patin gurpildun maleta arina.
6. Tenis pilota bat (edo bi).
7. Yoga tapiza.
8. Tigre ukendua.
9. Intsentsu kaxatxo bat.
10. Kandela bat.
11. Kamamila.
12. Fruitu lehorrak, pikuak eta miso zopa deshidratatu zorrotxoak.

1. Noizbait gosaldu duzu hotel batean? Saiatu zara muesliari botatzeko madari bat aizto kamuts horiekin zatitzen? Kiwia zuritzen? Bada horretarako eraman behar da labana. (Hori bai, maleta check in-ean txekeatu eta bertan sartu, bestela aireportutako seguritatekoek lapurtuko dizute).

2. Hegazkinean zoazela musika entzun nahi baduzu, motorraren brum-brum-ak zaildu egiten du entzute hori. Kaskoen noise cancelling botoia sakatuta zarata deuseztatu eta isiltasun uharte bat sortzen dute zure inguruan, musika entzun ala ez, burbuila ixil batean sar zintezen.

Bidaiari profesionalen bizi-kalitatea hobetu zuen aurkikuntza ttikia izan zen hau... esan dut hasieran, gida-liburu hau esnobentzat dela!

3. Hoteletan lo egiteko ezinbestekoak.

4. Kulero garbiak bukatu zaizkizunean (atzo bertan), garbitu eta dutxa barruan zintzilik jartzeko.

5. Erdi Aroko herri baten lur adokin-karratuduna (Hernaniko plaza, adibidez) maletarekin zeharkatzea gauza nekeza da... baina skate board gurpil arinak dituen maletak asko errazten du lan hori.

6. Orduak eta orduak trenean eseririk pasatzen ari zarela, irakurri, musika entzun, BERRIAko artikulua idatzi bitartean, ezarri tenis pilota bizkarra eta eserlekuaren artean eta mugimendu leunez masajeatu zeure gorputza. Ez dakit hala zutabe hobeak idaztea lortzen denez, baina bi gauza aldi berean egiten eta denbora galtzen ari ez zaren itxaropena sortzen zaizu (zerbait probetxuzkoa egitea eta ahalik eta goizen iristea dira bidaiariaren obsesioak).

7. Aireportuek, maleta arrastaka eramateak eta errepertorio musikal ezinezkoek sortu dituzten min fisikoei iraun bizitzeko, goizean ariketa parea egitea gomendagarria da (psikologikoekiko ez dago erremediorik).

8. Yogarako denborarik ez dagoenean, adibidez goizeko 04:00etan tren geltokira joan behar duzulako, tigre ukendu txinatarrak lepoko minak arintzen ditu, espres!

9. Hotel geletan, sarri, zure aurretik bertan bizi izan den animaliaren usaina ezabatzeko. Zure territorioa markatzeko!

10. Kandela batek pertsona batek adina bero askatzen omen du. Ez dakit nork esan zidan hori. Horregatik, hotel-gau bakarti eta beldurgarrietan, kandela bat pizteak beste norbaitekin zauden irudipena sortzen du... zuk nahi duzunarekin, gainera. (Ez ahaztu lo hartu aurretik itzaltzeaz!).

11. Tripako mina da etxetik kanpo etengabe afaldu eta bazkaltzearen ondorio. Biretako mila kamei aurre egiteko, kamamila!

12. Fruitu lehor, piku eta miso zopatxoaren erreskatea mundiala da (gauean berandu hotelera iritsi eta goseak ala hotzak erasotzen dizutenetan).

HOTELEKO GELARA IRITSITAKOAN

1. Leihotik kanpora begiratu.
2. Leihoa ireki (ahal bada).
3. Burkoak eskuztatu.
4. Maindireak altxa eta koltxoiari so egin.

1. Autopista bat dago.

2. Leihoa ezin da ireki.

Hau hoteletan gero eta gehiago ikusten den fenomenoa da. Zure segurtasunagatik omen. Erori ez zaitezen. Nahi gabe ala nahita (suizidioa esaten zaio azken honi). Eta energia kostuak gutxitzearren. Bai onbera dela hotel jabegoa!

3. Alemanian zaude eta burkoak formagabe-bigunak dira. Hau arazo handia da buru desestrukturatua dugunontzat (ni). Teoria bat besterik ez da hau... baina alemaniar almoadak hain bigunak izatea haien buru-egitura zurrunagatik dela uste dut. Burmuina nolabaiteko kaos ala askatasun gainean deskantsatu behar dutela iruditzen zait. Nire kasuan, kontrakoa da behar dudana: dispertsioa des-dispertsatu.

ERREMEDIOA: toalla bat doblatu eta burko azpian ezarri.

4. Koltxoiak orban ttiki marroixkak baditu, egin ihes gela horretatik derrepente! Zimitzen afari izan nahi ez baduzu behintzat (ez, txintxeak ez ziren gerra garaian desagertu, eta bai, Europan badaude).

ZURE GELAK AURREKO PUNTU HORIEK GUZTIAK BETETZEN BADITU:

Jaitsi lehenbailehen harreraraino (beste musikari kideak baina bizkorrago) eta eskatu gela berria. Hori, bai, onartu behar den zerbait badago: gela guztiek izango dutela gustuko izango ez zaizun zerbait. Zerbait sakrifikatu beharra dago beti... eta kasu honetan, norbait ere bai.

A, eta ez ahaztu gauean izerdi patsetan esnatu nahi ez baduzu, koltxoia ez zikintzeko ezartzen diren plastikozko estalkia kentzeaz (aitak noizbait emandako urrezko gomendioa da hau).

Goraintziak Holiday Express Inn batetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.