Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Musikaren industria I

2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Erroman grabatu nuen datorren urtean aterako dudan diskoa. D-rekin. Hau kontatu nuen bere garaian zutabe honetan.

Italian eta bertako musikari batekin egindako diskoa izanik, abestietako batean horrekiko keinu bat izan nahi nuen, eta D-k hango abesti bat bertsionatzea proposatu zidan.

Abesti mitiko eta eder bat hautatu genuen. Ez nik eta ez D-k, nahiz eta berak urte asko eraman profesioan, ordea, ez genekien etorriko zitzaigun hondamena.

Nik letra gazteleratu nuen, eta hori egitean, badirudi abestiaren eskubideen jabeari baimena eskatu behar diozula abestia argitaratu nahi baduzu, eta hori egin genuen.

Urte erdi pasatu da dagoeneko, eta ez dugu erantzunik jaso. Abesti hori, gainera, albumeko garrantzitsuenetakoa zen, atera zaizkigunetan politenetakoa, eta album motza da LP bat izateko.

Guztia egin dut, Italiako editorialarekin, Espainiakoarekin eta Brasilgoarekin kontaktuan jarri, eta ez dute lortu. Lagun musikari baten lagun batek El Negro mexikarrarekin —eskubideetan aditua den batekin— whatsapp arraro batzuk trukatu, eta ezer ez.

Grabatu nuenean, Maria etorri zen bideoklipa grabatzera Erromara, Super8 batekin ibili ginen, bertakoak gure abenturetan korapilatuz; euria ari ez zuen minutu gutxietan, ezer gertatuko ez balitz bezala filmatuz; hiriko bazter sekretuak erakusteko eskatuz, eta horretarako, autoak alokatuz, arropa erosiz, hiria goitik behera miatuz, geneuzkan 24 orduetan.

Abestiak hitzordu bati buruz hitz egiten du, non abeslaria bakarrik geratzen den, itxaroten, itxaroten... baina maitalea ez da inoiz azaltzen. Metafora gorpuztu dut eta horrela geratu naiz, eskubideen jabe maitea ez delako agertu «bai» edo «ez» esateko. Eta beraz, managerrak datak dauzkalako diskoa aurkezteko birarako. Eta ondorioz, biniloa gehienez datorren hilabetean bidali behar delako iritsi dadin. Hitz batean, abesti berri bat egin beharra dago.

Eta horrelakoa da batzuetan industria musikala. Txurroak bezala, eman, mesedez, dozena erdi abesti. Batek ez badu balio, egingo duzu beste bat, horrela, aste honetan, ondo datorkigu-eta guztioi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.