Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Musikaren industria (II)

2024ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Larunbat goiza da. Merkatura joan ninteke, mendira, baina kotxea hartzera noa, nazioarteko kazetari batzuekin biltzera, nire proiektu musikala, hau da,  Verde Prato aurkeztera. Hasieran, abesti batzuk haientzat jotzeko ere esan zidaten, pase pribatu bat egiteko, alegia; noski, dena dohainik. Ez zuten materialaren alokairua ere ordaindu nahi. «Ez duzu lagunik soinu-mahai bat eta PA bat dituenik?».

Bere dohainik esateko hitza da promozioaren truke kontzeptua. Teorian, ikusgarritasuna irabaziko nuke —Hemen espazioko Markeli entzun nion bezala, gaur egungo txanpona—, baina hori ere zalantzan dago; berez, kazetari horien funtzioa jaialdi bati buruzko zutabeak egitea baita, eta trip-experience gisa nirekin elkarrizketa hori ere omen daukate, baina ni, berez, ez naizenez jaialdi horren parte, batek daki.

Iristen naiz. Esertzen dira, eta hitz egiteko esaten didate, galderarik ez daukatela niretzat. Eta horrela, nire burua entzuten dut ahal dudana ingelesez azalduz. Folkari buruz eta euskarari buruz egiten dizkidate galderak. Askotan gertatzen zait, eta badakit, beraz, nitaz espero dutena zoologikoaren basque espeziea ordezkatzea dela. Euskara hizkuntza berezia da, baina ze ondo egongo litzatekeen hizkuntza bat gehiago izatea, hura erabiltzeagatik konnotazio heroiko faltsu, edo erromantiko, edo fetitxistak ez jasotzeko, eta musikari buruz behingoz hitz egiteko.

Bazkaltzera goaz, hori haiek ordainduta, eskerrak ematen dizkiet, eta esaldi eta barre motzez osaturiko bazkari luze bat performatzen dugu, plater txiki eta anitzez osatua. Ardoa ekartzeko denbora asko igarotzen da, txantxak egiten dizkiete zerbitzariei, ingelesez, «joango naiz ni ardoaren bila, nahi baduzu», eta algarak. Ardoa iristen da. Guztiak dira sommelierrak. Ardo kopak argirantz irabiatzen dituzte, likidoa usaindu. Batek dio: kortxoa dauka, «it’s flat». Zerbitzariak deitzen dituzte. Bi datoz, kopekin koreografia bera egiten dute. «Ez dauka kortxorik. Horrela da. Ona dago». Ni infiniturantz disoziatzen naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.