Nagore Amondarain.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

Musikaren esperientzia partekatua

2013ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Josu Zabalak ez omen zuen oso argi zertara joan behar zuen unibertsitatera, ez bazen euskal musikaren heriotza-akta jasotzera, berak egungo euskal musikaren egoera oso beltz ikusten baitu. Euskal musikaren bilakaerari buruz berba egitera zetorrela, euskaraz egiten den musikari buruz berba egitera, definiziotik hasi zen aurrena.

80ko hamarkadarekin alderatuz, egun, orduan baino musika gehiago kontsumitzen dela esateak ez du Zabala lasaitzen, kontsumitzeko modu berriek ekarri baitute musikaren beherakada hiltzailea. Beraien garaian, musika esperientzia bat bihurtzen baitzen, esperientzia kolektiboa; egungoa, aldiz, indibiduala da. Musikaren espektro soziala ere inoiz baino txikiagoa da, efektu sozial gutxikoa. Horri egozten dio azken hamar urteetan ia abesti klasikorik ez sortzea; lau edo bost izan daitezkeen galdetzen dio bere buruari. «Gure garaian kantu klasiko uholdea zegoen. Gizarte aktibo bat behar da klasikoak sortzeko». Emozio kolektiboek sortzen dituzte abesti klasikoak, horiek dira gogoratzen direnak, betikotzen direnak; egun oso zaila da ikustea abesti batekin emozionatzen den jende talde handi bat, kontzertuetara joatea ia ahaztu den garaiotan, gainera. «Musikaren esperientzia partekatua» da behar dena.

Testuari begira honako hau dio, egungo musikari gazteak kultuagoak direla, intelektualizatu egin dela euskal musika, poesiaren erabilera oso ugaria dela gurean, beste kulturetan gertatzen ez dena. Ez omen dela oso normala, proportzionalki hainbeste poeta musikatzea gure herri txikian. Beraiek ere Itxaro Borda musikatu zutela baina ez haren liburuak irakurrita, hark postaz bidalita zela prozesua. Edo Jon Mirande musikatzera ere iritsi zirela baina irakurle fin batek hala eskatuta.

Beraiek egin nahi zuten estiloa euskaraz egiten ez zela jabetuta zeuden; beraz, bazekiten lehenak izatearen xarma izango zutela. «Euskaraz abestea gauza naturala zela transmititu nahi genuen, Gasteiz batean gainera! Oso gutxik ulertzen gintuen; Gasteizen entzuleen % 99 erdaldunak ziren, baina euskarak prestigioa zuen».

Musikaz idatzi eta esaten zen garaiaz hitz egin digu, aurretik aipaturiko espektro sozialaz: Bat, bi, hiru, Muskaria, El Tubo, Katukale, Entzun… «Baina hau dena desagertu da, oso gutxi idazten da euskal musikaren inguruan», lehenago zirkuitu betea baitzen musikarena, promotore, entzule, kontzertu, areto, diskoetxe… ugariduna. Musikarien topaleku eta diskoetxeen alternatiba interesgarri moduan dio euskal produkzioaren %80 Bidehuts, Taupaka, Musikherria eta Bonberenearen moduko kolektiboetan dagoela. «Musikaren esperientzia partekatua» ideiaren erakusgarri eta altruismoz indartua..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.