Maite Larburu.
LAUHAZKA

Musika katxarroak (I)

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Laurogeiko hamarkada bukaera zen.Garai haietako munduan, jatorrizko ingeles hiztunetatik at, gutxik zekiten apple hitzak sagar esan nahi zuenik; are gutxiagok apple hori nabarmentzeko bidean zen ordenagailu baten izena ere bazela. Tabletak txokolatezkoak ziren tenoreaz ari gara. Telefonoek Mickey Mouseren antzeko siluetatxoa osatzen zuten hormen kontra; aurpegiaren ordez, erruletatxo bat zutena, zuloz betea.

Musika estereoari musika katxarroa esaten zitzaion gure etxean orduan.

«Piztu katxarroa! Jarri disko bat katxarroan...»

Horrela aritzen ginen.

Homo sapiens-aren espezie ebolutibo azpigaratu bat osatzen genuen: homo sapiens katxarriensis?

Ez ginen oraindik oso sotil mintzatzen.

Arriskuz beteriko garai batean bizi ginelako. Manifetako oihuek xuxurlek baina gehiago esan nahi zutelako? Mugikorrik gabeko, esnezaleen esne-gordin-frexkoa edaten zeneko, piszinara txankletarik gabe joaten gineneko garai hartan.

Baina kontatzera noana ez zen Euskal Herrian gertatu. Europa Ekialdean jazo zen.

Jacques orkestrarekin biran zebilen. Eta nahi gabe, nirekin, Euskal Herrian bizi zen haur katxarriensis harekin, ari zen kateatzen.

Nik ez nekien. Zer jakingo nuen, bada?

Eguna Sandibeli eta Harlock kapitainaren melodiak kantatuz pasatzearekin nahikoa nuen.

«Jarri kasetea katxarroan».

Telekanten Linboan bizi nintzen.

Whiski petakari trago parea hartuta gerturatu zen Jacques autobide bazterreko gasolindegi hartara. Alkoholemiaren beldurrik ez orduan. Biolina alboan zeraman. Hartu-ez hartu zalantzan egon zen. Baina azkenean, bihozkada tragiko batek jota (laster jakingo dugu zergatik), kotxean sartu zuen.

Elurtuta zeuden bide bazterrak, mendiak, lautadak. Huts-huts-huts.

Etxeak pobre eta adreilu biluziz eginak zeuden. Batere pintatu gabe. Korrika batean amaituak izan balira bezala.

Desolatio.

Kotxean eseririk geratu zen Jacques. Goizegi iritsi zen. Lau katu zeuden gasolindegiko taberna-kristalera atzean. Lau katu handi, tripadun.

Ez zen sartu. Nahiago zuelako, seguruenik, petakako bere edabea.

Autoan itxarongo zien ijitoei, katxarro tratanteei.

Hala zegoela, gogoetetan murgildu zen, kopiloto zeraman biolin estutxeari so.

Tresna hura, XVII. mendeko Carlo Antonio Testore original bat (musikakatxarroa deituko geniokeen gure etxekook hari ere), ehunka mila euro balio zituena, gasolindegi berean erosi zuen. Lau pezta ordainduta. Peztak ez ziren izango, ez, oker nabil... baina ezta euroak ere. Zlotyak edo auskalo zer izan ote ziren. Baina, lau, hori bai. Lau zloty. Komeriak ikusi zituen ijito haiek biolina berari salarazteko, beste bat endosatu nahi baitzioten, benetako musika katxarro baten antza handiagoa zuena, ia-ia-ia apurretan zegoen bizitza-txarreko-biolin-maltratatu bat.

Lortu zuen hala ere. Bi aldiz egin behar izan zuen hitzordua ijitoekin, altxorra bereganatzeko. Jacques ez zen alferrikako herbeheretarra, saltzaile sen ikaragarria zuen DNA-dun gizona.

Lehendabiziko zitan, Testorea bazter batean ikusi zuenean, «eta hori?», galdetu zien.

—Hori ez da saltzen, prosze pana. Hori gurea da, barka eza.

Arraioa! Pentsatu zuen Jacquesek.

—Baina beste hau oso zaharkiturik dago, zloty asko kostako zait erreparazioa.

—Guk konponduko dizugu, prosze pana, guk badakigu, otoi.

Irribarretxoa egin zuen Jacquesek, bere kotxeko Testoreari begira. Ijito hauek. Deabruzko musika tradizionala ederki jotzen jakin badakite, baita tratuan ere, instrumentu onak zer diren ere bai... baina tresnak zaharberritzen?

Ja, ja, ja!

Bigarren zitara biolin konponduarekin iritsi zirenean, Jacquesi begiak ia ihesi atera zitzaizkion:

—Hara, jauna, gure prosze pana agurgarria: berria bezala! Oso pintura ona eman diogu, aurkitu dugun garbiena, elurra bezain bialy... zenbat diru dauka berorrek?

Zuri nuklearrez goitik behera pintaturiko biolina ez zioten, bada, ekarri?

Etxeak adreilu hutsean eta biolinak margotuta? Ene!

Hori ezin zuela erabili, erosi, ezetz, ezetz, ez zuela biolinaren Richard Clayderman berria izateko asmorik, eskuak buru gainera eramanez sekulakoa muntatu zien (hura bere DNA herbeheretarrean ederki grabaturiko eszenatxoa zen), denbora alferrik galarazi ziotela, bazihoala ezertxo ere erosi gabe...

Azkenean:

—Barka, prosze pana, zer nahi du, baina, berorrek?

Beste biolin hori... saldu nahi ez duzuena... zenbatean...

Eskuratu zuen.

Amsterdameko luthierrek zertifikatuko zioten, Testore eder-ederra. Jubilatzen zenean saldu eta Valentzian etxea erosteko adina emango ziona.

Eta lau zlotyren trukean.

Jacques oroitzapenetatik esnatu zen bat-batean, gasolindegira sekulako Mercedesa sartu berri zenean.

—Hor dira lagun ijitoak!

Ni, handik urrun, Sandibeli, Sandibeli, istorio honekin lotzeko bidean den ezjakina nintzen oraindik.

Eta zuek ere hala utziko zaituztet, lagunok: ezjakin.

Datorren hilera arte itxaron beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.