Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Musika gogorra

2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Lagun batek esan zidan asteburuan krisi sasoi honek musika gogorra egiten duten taldeen gorakada ekarriko duela —nik ez dela krisia erantzun nion, kapitalismo nazkagar… hasi nintzaion, baina deskonektatu egin zuen, ohi baino aspergarriago bainabil aspaldi honetan—. Gogoratu nuen Iker Barandiaranek antzeko zerbait esan zuela neguan Gaur8 astekarian, nire zutabe bati erantzunez.

Onartu behar dut ez dudala oso argi musika gogorra zer den. Badakit zer den —eta zein den— entzuteko gogorra egiten zaidan musika, baina musika gogorra ez —egia esan, termino hori entzuten dudan bakoitzean pose matxoak egiten dituzten lau gizonkote imajinatzen ditut agertokiaren gainean, ez dakit zergatik—. «Gogorra» terminoak ez dio estilo jakin bati erreferentzia egiten. Gogorra esaten diote batzuek Motörheaden ildoko rockari, punkari, heavy metalari, hardcoreari, noiseari. Kasu horretan, musika estiloez ari gara eta estilo horietako talde asko gustatzen zaizkit eta beste asko ez, baina ez dut ikusten zaku beraren parte direnik.

Eztabaida terminologikoak alde batera utzita, ez dut uste gatazka sasoiak adierazteko musika estilo hobe edo txarragoak daudenik. Ingalaterran, Thatcher-en sasoian, pop talde politiko asko sortu ziren, eta errealitate sozial latzik ezagutu ez duten aberaskume piloa ikusi ditugu denok agertokietan «musika gogorra» jotzen. Alderantziz ere, jakina. Musika estiloek zenbait konnotazio hartzen dituzte denborarekin, eta haiei buruzko hainbat uste zabaltzen dira: popak ez du balio kontu politikoetarako, rocka matxista da, regetoia zer esanik ez. Ez dakit estilo bat ideologikoki markatua egon daitekeen —nahiz eta onartu behar dudan musika epikoa nahiko totalitarioa egiten zaidala, zer egingo diot—, baina zeinahi musika egin daiteke ikuspegi borrokalari nahiz kontserbadore batekin, zeinahi musika izan daiteke kapitalismoaren suntsipenaren soinu-banda. Ez da dezibelio eta distortsio kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.