Txuma Murugarren.
LAUHAZKA

Munduko dutxan abesteko doinuak

2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Joan zen egunean, irratian, atzerri zabal horretako hiri handi bateko talde bat aurkezten ari zen esataria, eta oraingo talderik intelektualena zela zioen, unibertsitate girotik sortutako taldea. Une batez zer zen hori irudikatzen saiatu nintzen, eta ikusi nituen lau morroi, arte ikasketak burutzen, irakasleak irakatsi diezaieketena baino harantzago doazenak, lonja zikin batean, gitarrak eta anpliak hartu baino lehen, egin beharreko abestien eskema sendoa eta igorri beharreko mezu intelektuala hausnartzen. Eta begitandu zait lan hori zenbait aukeratuk baino ezin dutela egin, oso azkarra eta intelektuala izan behar baita horretarako. Esatariaren aurkezteko moduan nabaria zen miresmena, eta sugar horrek bultzatuta, abestia arretaz entzuteko irratiaren bolumena igo nuen. Euren intelektualtasunaz, pittin bat sikiera, bustiko, kutsatuko nindutelakoan. Bukatu eta ez nekien zer esan. Ez dut esango kantua ez zitzaidala gustatu. Ez ninduen txoratu. Abestia entzun aurretik bezala sentitzen nintzen.

Ez dizuet gezurra esango, ingelesarekin ez naiz oso iaioa, guri frantsesa irakasten ziguten (aitor dezadan frantsesarekin ere ez naizela oso iaioa); beraz, ezin atzeman hitzetan zerabilten pentsamenduaren sakona, hor egon zitekeelako intelektualitate horren froga ukaezina, ez dakit. Gauzak horrela, nik, koitadu honek, bi aukera neuzkan: a) esatariak zioena sinestea b) eszeptizismoa lagun, esandakoa zalantzan jartzea. Eta, erretxin on batek egingo lukeen bezala, bigarrenari lotu nintzaion; izan ere, esataria promozio-orria irakurtzen ari zela ziur bainintzen. Zeren kanpotik datorren talde batek promo-orri batean nahi duena esan baitezake, talde intelektuala, iraultzailea, borrokalaria, ghettoko erregeak, kartzelako bardoak... hemen sinetsi eta miretsiko ditugulako, ez gara hasiko hori egia den ala ez den eztabaida antzuan aspertu arte, ez eta entzuleriari hori zergatik den horrela azaltzen ere. Esatariak aurkezpenemotiboa egin zuen, efektista, informazioa baino emozioa eman nahi duten horietakoa, taldearen managerra bera balitz bezala. Zirrara sortu nahian. Eta agerian utzi zuen hainbat lekutan gertatzen dena, auzokidearen behiak errapeak luzeago dituela beti.

Tira, ez dut orain esango horrelakorik ez dela egin behar. Baina erabil dezagun irudimena, eta pentsa dezagun euskal talde bat intelektual adjektiboarekin aurkezten duela esatari horrek, jendeak pentsatuko luke muermo bat dela, eta talde horretako partaideak harroputzak, handiustekoak. Esatariak berak ere ez luke sinetsiko horrelakorik, federik gabe, grazia eta distirarik gabe esango luke, esan ere agian ez luke esango horrelako handikeriarik, erridikulua irudituko litzaioke, barregarria.

Kritikak ezer gutxi esan ohi du hemengo taldeei buruz: gogorra edo konprometitua adjektiboez aparte. Kritika biguna daukagu, aseptikoa, bustitzen ez dena, orokorrean, eta horrek ere sinesgarritasuna kentzen digu. Zeren hemen sinesgarritasun erantsiaren gaineko zerga (SEZa) ordaindu beharra baitugu. Hemen zerbait izateko ez da nahikoa promozio-orri on bat aurkeztea, ez horixe, gehienetan talde ona izatearekin ere ez da nahikoa, eta ez dugu esatari bat euskal taldeei buruz aurkezpen hanpatuak egiten erraz entzungo, sinetsita behintzat ez, bertan egiten denarekiko lotsa punttu bat badugulako. Hemengo musika munduko dutxan abesteko doinutxotzat daukagu, benetan miresten eta errespetatzen duguna 40 principalesetan promozionatzen diren talde iraultzaile eta intelektualak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.