Abestiez ari bagara, nire oroitzapenik zaharrenak ama ekartzen dit akordura. Familia osoa biltzen ginenean Que sont devenues les fleurs abesten hasten zen, eta isildu egiten ginen denak. Esan gabe doa aski gauza zaila izaten zela hori, zortzi haurride baikinen etxean. Une berezi horretan bihotza uzkurtzen zitzaidan, korapilo bat egiten zitzaidan zintzurrean, eta azaltzerik ez neukan ideia bat sortzen zitzaidan buruan. Urteotan guztiotan burutapen hura ulertzen saiatu naiz: Zergatik du abestiak halako eraginik gure gogoan? Zerk ematen dio ekaitz emozionala sorrarazteko ahala?
Abesti hura, Dalidak kantatua, Pete Seegerren abesti bakezale baten bertsioa da. Munduko kantuetan behin eta berriz heldu zaio bake gogoari eta gerrak dakarren hondamendiari. Izan ere, hauxe da funtsa: «Abestia ez da genero edo errepertorio kontu bat; abestia gizakiaren baitan dago» (Thomas Hampson, AEBetako baritonoa). Abesti on bati edozein deitura zaio egoki: rock, tango, baltsa, habanera, folk, reggae... Definitu nahia alfer lana dela esango nuke, nahiz eta gustukoa dudan Violeta Parrak esana: «Abestia hegaldi planik ez duen txoria da, zurrunbiloak gustatzen zaizkio, eta gorroto du matematika».
Abestiari, baldin eta ona izango bada, epika eskatzen diot, baina epika horrek ez du belikorik ezer. Galtzaileez mintzatuko bada ere, eta denok izan gaitezke galtzaile, heroismoa behar du, eta aurrera egiteko gogo bizia, erori ostean berriro (ere) altxatzeko ahalegina. Badut abesti ideal bat: Back on the chain gang (berriro presoen katean). Abestietan sarri ageri den gai batez mintzo da: oso maitea den norbait hil ostean, haren oroitzapenak garai zaharretara eramaten gaitu. Chrissie Hynde Pretenders taldeko abeslariak zoriona eta mina hartuko ditu garai haietatik, eta koruak kantu zaharrago batera eramango gaitu, Sam Cookeren Chain gang-era hain zuzen, hari miresmena erakutsi, eta gorazarre egitearren. Baxua, bateria eta gitarra dira abestiaren oinarria, eta rock bikaina osatzen dute. Elvis Costelok esaten zuen rock hitza entzuten zuen bakoitzean, «baina ez ahaztu rolla» bururatzen zitzaiola. Rocka bizkarrezurra baldin bada, Rolla bizkarrezur muina delako.
Hitza oinarrizkoa al da abestian? Hori baldin bada zure iritzia, zoaz poesiako apalategietara, poema ederrak aurkituko dituzu bertan. Jar dezagun adibide bat: Palabras para Julia Jose Agustin Goytisoloren poema bat zen, eta lasai ederrean zegoen liburuan, Paco Ibañez etorri, eta musika jarri zion arte; orduan, bazena izateari utzi, eta egundoko abesti bihurtu zen. Poesia abestiaren bekaitz izatea ulergarria zait: inoiz ez du haren hedapenik lortuko. Baina abesti berak milaka erreakzio sor ditzake, entzule bakoitzeko bana kasik. Batzuek gitarraren riffa edo bateriaren erritmoa goretsiko dute, besteei hitzak izango zaizkie hunkigarri; batzuentzat bereziena tronpetaren hots urruna izango da, eta beste batzuentzat, hain zuzen tronpeta hots urrun hori bera izango da gorrotagarriena.
Abestiak gure biografiako toki eta garai bati lotuta daude beti, eta horregatik dira horren iradokorrak. Gizarte jakin baten ispilu ere badira. Belarri fina duen batek, lehen akordeak entzun orduko badaki zein hamarralditakoa den abestia. Bizitzako garai bakoitzak musika jakin mota bat eska dezake beharbada. Abesti batzuk sehaskaz geroztik izango dituzu aldean. Beste batzuk gerora gehituko zaizkizu. Alboratu ere egingo dituzu hainbat; beste zenbaiti indultua emango diezu, eta lehengo tokia berreskuratuko dute zure begikoen zerrendan. Beste batzuei, beste askori, erreparatu gabeko xehetasunak deskubrituko dizkiezu, eta zurekin batera haziko dira; zu antzaldatuko zaren bezala antzaldatuko dira haiek ere.
Edvard Grieg konpositore norvegiarrak zioen Bachek eta Beethovenek elizak eta tenpluak eraiki zituztela, baina berak ez zuela eraiki nahi etxebizitza besterik, bertan jendea zoriontsu senti zedin. Zer funtzio hobea aterbe izatea baino?
* Potato reggae taldeko kide, Aianai argitaletxearen sortzaile eta kazetaria da Elena Lopez Agirre (Madril, 1956). Hainbat liburu idatzi ditu musikaz. Besteak beste, 'Del txistu a la telecaster' (1996), 'Potato, la utopía de una Euskadi tropikal' (1998), 'Historia del Rock Vasco: edozein herriko jaixetan' (2011), 'Hertzainak. La confesión radical' (2013) eta 'Neskatxa maite. 25 mujeres que la música vasca no debería olvidar' (2015). Dokumental baten egile ere bada: 'Bajando la colina. De las orquestinas a los conjuntos. Vitoria 1940-1980' (2022).