Espainian eta Frantzian badira El Mundo eta Le Monde izeneko egunkariak, eta Euskal Herrian bazen Egin izeneko bat. Adierazgarria da zer-nolako izenak dituzten egunkariek; hona hemengo kioskoetan aurki ditzakegunetako batzuk: ABC, Aujourd'hui en France, BERRIA, Deia, Diario de Noticias, El Correo, El Diario Vasco, El País, Gara, La République des Pyrénées, L'humanité, Libération, Mediabask, Noticias de Gipuzkoa, Sud Ouest. Izen hauen artean denek adierazi nahi dute bizitzaren muinean daudela. Alfabetoko lehen hizkiak darabiltzanak aurre-aurrean dagoela iradoki nahi du, berritasunaren ideia dakarrenak bezala, eta ekintzaren aurretik dator deia. Jendartearen erdian bizirik dagoela helarazi nahi luke herrialdearen edo lurraldearen aipamena egiten duenak, zer esanik ez gizateriaz ari denak, eta balio garrantzitsuekiko lotura nahi dute askapena gogora ekarrita. Egunerokotasuna aldarrikatuz ere adierazten dute beste batzuek euren garrantzia. Aparte jarriko nuke Le Figaro, inguruko kioskoetako egunkari izenen artean bereziena agian. Baina hauen guztien artean, ez dago berripaperik izena duenik Atzoko berri gaur, Azken furgoia edo Oharrak eta iruzkinak.
Iazko otsailaren 22an, hala zekarren Eldiario.es egunkari digital espainiarrak: «Duela lau hamarkadatik hona, [Madrilgo] ARCO azokara joaten den publikoak aktualitateari emandako erantzuna espero du arte garaikidearen eskutik». Ikuspegi honekin topo egiten dut noizean behin. Ikusten denez, garrantzitsua denaren bihotzean kokatu ordez, garrantzizkoaren atzetik dabilenaren papera ematen zaio hor arteari. Horrela planteatuta, beste gauza batzuk lirateke nolabait mundua egiten dutenak, eta atzetik letorke artea, erantzutera. Inbertitzaile edo korporazio handiek zeri jarraitzen dioten esaterakoan, adibidez, arraroa litzateke aktualitate hitza erabiltzea. Hain zuzen, aktualitatea egin egiten dutela kontsideratuko litzateke, mundua mugitzen dutela, eta, zerbaiti erantzutekotan ere, momentuko erronkei edo; horrelako zerbait esango litzateke. Arteak aktualitateari erantzuten diola, badakit asmo guztiz onez esana dela, baina ideia horri erreparatu nahi diot. Eroso sentituko dira asko, baina ni ez nau lasai uzten.
«Munduan gaude, ez haren aurrean»; Jean-Luc Nancyk esana. Eta gehitu zuen: «Inoiz ez da mundu bat ikusten: hor egon egiten da, bizi egiten da, ikertu egiten da, hor batek bere burua topatzen du edo galdu egiten da...». Honekin lotuta, bada sare sozialetan zabaldu izan den meme bat, Esne Bidearen irudi batean gezi batez puntu oso txiki batera seinalatuz dioena: «Hemen zaude, lasai zaitez». Lasaigarria zait noizean behin hori gogoratzea, handitasun horretako puntutxoa garela pentsaturik ezdeusa delako edozein afera. Pozik handienak, desgraziarik larrienak eta mukiak kentzeko zintz egitea, dena berdintzen da istant batez. Antzeko efektua sortzen dit Atxagaren Bizitza bizitza da poesiak ere. Ez koroa eta dominak, ez bidaiak, ez familia edo lagunak ere... Horrekiko guztiarekiko distantzia hartzen du, bizitza bizitza dela esateko. Kanpotikako begirada dosi bat izaten laguntzen dit hori irakurtzeak, baina, esan bezala, barruan gaude gu, eta ezinezkoa zait dena benetan horrenbeste erlatibizatzea. Mundu honetako gorputz hezur-haragizko batean bizi naiz, inguruan ditudala arazo lurtar asko, eta purrustadaka ere ibiltzen naiz batzuetan. Horregatik sentitzen dut zimikoa kazetari batek ikuspuntu hori ematen duenean, ez baitago egunkaririk izena duenik Albotik beha egonik edo Ederto goaz azkengarren. Esango nuke jakintza eremu eta jarduera guztiek egiten dugula mundua, eta egitearekin esan nahi dut mundualdia bizitzeko, ulertzen saiatzeko eta hari buruz pentsatzeko moduetan eragitea. Barrutik, ez ezeren aurrean jarrita edo kanpotik begira.
Mundua egite hori, presentzia eta indar handiarekin egingo dute batzuek —gerrak pizten dituztenek, korporazio handiek, eta abar—, eta txikiagoarekin beste batzuek. Baina presentzia txikia ala handia izan, muinean kokatuko nuke dena, ez gauza batzuk aurrean eta besteak atzean, edo batzuk egiten eta besteak erantzuten. Arteak ez badu gizartean eragiteko gaitasun handiagorik —aipa daitezke beste jakintza eremu batzuk ere—, erruaren zati bat du horretan komunikabideen urteetako jardunak. Ez baita dudarik, maila handian eragiten dute mundua ikusteko moduan: egunkariek, telebistek, irratiek... Haiek zer esan, horixe bihurtzen da sarri hizketagai, edo jendarte baten iritzi. Haiek zer giro helarazi, halakoxea bihur daiteke jendearen aldartea. Izututa izaten naiz batzuetan haien boterearen lekuko, eta biktima ere bai. Gizakumea bainaiz, nire beldur, gabezia eta zailtasunekin, eta nirekin ere nahi dutena egiten dute askotan. Komeni da aldi berean kontaktua eta distantzia izatea komunikabide ezberdinen aurrean—munduaren aurrean eduki ezin den distantzia hori—, eta geure mundu-ikuskera zenbateraino molda dezaketen kontziente izatea.
LAUHAZKA
Mundua egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu