Itxuraz, Argentinako diktadura garaian, Venn delako multzoen teoria debekatu zuten eskoletan.
Harrigarria bada ere, guk txikitan ikasi genuen matematika teoria sinple hark subertsiorako ereduak emateko arriskua omen zuen, eta horregatik debekuaren zergatia. Hauxe da Amalia Pica Londresen bizi den artista argentinarrak dioena Venn diagrams (under the spotlight) izeneko artelanean.
Picaren lanak zalantzan jartzen du jakintzaren izaera neutroa. Teoria zientifiko edo matematiko objektiboak testuinguruaren arabera argitu edo ilundu daitezkeela erakusten digu. Bestalde, hezkuntzaren ideologizazioaren gaia ukitzen duela iruditzen zait, umeek ikasten dutena heldu garaiko ohituretan izan dezakeen eragin okerrak edo osasuntsuak azpimarratuta. Vennen multzoen teoriak elkar hartzearen gaia edo talde ezberdinek komunean dutena erakuts dezake, nahiz eta agian zail xamarra den horrek gizartera eramateko aukerak dituela pentsatzea. Hala ere, badaezpada, Argentinako diktadurak debekatu egin zuen. Gustatuko litzaidake pentsatzea Francoren diktadura bukaeran eskolan ikasi nituen matematika moderno haiek batzuengan eragina izan zutela diktaduraren kontra ekiteko, baina aritmetika eta geometria ariketek ere eraginen bat izango zuten aurreko belaunaldi erreboltaria ezagututa.
Picaren artelanera bueltatuz, Venezian ikusitako instalazioak bazuen beste ñabardura bat ere. Koloretako argi foku handi batzuen bidez horman Vennen teorien multzoen elkarketak irudikatzen zituen, eta proiekzioaren azpian, lurretik gertu eta horman idatzitako esaldi pare batek Argentinako diktadurak debekatutakoa eta bildutako jendearen gaineko zelatatzeko ohitura azaltzen zuen. Irakurtzera hurreratzen zen jendea koloretako multzoetako baten barruan sartuta geratzen zen, eta horrela multzo baten barruan sentiarazi behar zuen, horrek dakarren subertsioaren aukerarekin.
Artista argentinarraren lanak partekatzen ditugun lekuen eta tokien pentsamenduak eta hizkuntza pribatuaren tentsioen arteko ikerketa semiotikoa aztertzen du. Irudien bidez azaldutako tradizioak, mitoak eta erritoak eta istorio pertsonal eta kolektiboen arteko elkar harremana ikertzea interesatzen zaio. Baina, lehen aipatutako lanean, irudien eta ideia abstraktuen gaineko estatuen kontrol politikoa ere ikertzen du: baliabide gutxirekin asko esaten du.
Artea. Begiz
Multzoen teoria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu