Lekutan geratu dira orain aste bi Nerea Elustondoren 522,5 puntuak finalerako nahikoa izango ote ziren genituen zalantzak. Hamabi bertsolarik kantatu dute ondoren eta bakarrak lortu du langa hori gainditzea. Arrasateko irabazlea bera ere, Oihana Iguaran, azpitik. Lausoa da halako txapelketetan, ordea, aurrera egin edo kanpoan geratzearen arteko muga. Galdetu bestela Maider Arregiri, 500etik gorako eskala batean puntu bakarragatik Illunbetik kanpo azkenean, goi mailako bertso saioa eginda gainera.
Oihana Iguaran txapelerako hautagai sendoa da gaur-gaurkoz, finalerdietako sailkapenean bere gainetik 5 lagun sailkatu badira ere. Saio bakoitza ezberdina da, eta finala ere ezberdina izango da. Goi mailako une asko utzi zituen Arrasaten amasarrak, baina bat aipatzekotan Eñaut Martikorenarekin seiko motzean ondutako bertsoaldia aipatuko nuke, egoerak hala behartuta lanera urduri doazen Osakidetzako bi langileren ahotik aritu zirenekoa: ofizioaren pisua eraman eta elkarrizketa bideratzearen ardura hartuz, goitik beherako hiru bertso ikaragarri kantatu zituen Iguaranek, 6ko motzak uzten dituen zirrikituak maisuki baliatu eta erakustaldi tekniko aparta emanaz.
Andoni Rekondok sekulako txapelketa egin du behe-behetik hasita, eta dagoeneko ez da sorpresa bat. Arrasateko plaza, baina, bestelakoa zen eta azken koxka igotzea beste gauza bat; eta igo zuen, nola gainera, hernaniarrak. Zirtoaren etengabeko bilaketan oinarritu zuen bere arrakasta atzo ere, 8ko txikian Mantxirekin postariaren eta bizilagunaren ofizioan, esaterako (lan honetan 3 beharrean 4 bertso puntuagarri izateak sailkapena zer-nola baldintzatu duen beste kontu bat da), edo puntukakoan, Maider Arregirekin, urrezko ezteien aitzakian gurasoei zer oparituko eztabaidan. Bestelako tonua eskatzen zuten bertsoaldietan ere utzi zuen beretik, bertsoak betetzeko sekulako gaitasuna daukala erakutsiz. Bejondeizula, eta goza ezazu Illunben, Andoni.
Maider Arregik urte asko daramatza bertsotan egiteko estilo berezi bat zukutuz mundu ikuskera zehatz baten aldarria egiten. Igandean maila gorenera eraman zuen jarduteko hain berea den modu hori eta sekulako saioa oparitu zigun. Amaierako kinieletan denok barruan ikusten genuela esango nuke, eta behatz puntekin ukitu zuen sailkapen txartela. Hunkigarriak bezain sinesgarriak Mantxirekin seiko motzean lanera urduri doazen irakasleen azaletik kantatuko hiru bertsoak, eta udaberritik egindako bide luzeari erremate bikaina bakarkako antologiko batekin, sexu bidezko gaixotasunei buruzko hitzaldiak ematen dituenaren azaletik: %100 Maider Arregi Markuleta.
Agin Laburuk azken edizioko buruz burukoa jokatu zuen eta txanponaren beste aldea egokitu zaio aurten. Saiatu zen beretik ematen, baina bertsoaldi batzuetan erabakirik onenak hartu ezinda bezala sumatu genuen, baita kasuren batean gaiak emandako zehaztapenetik aldendu samar kantatzen ere. Ñabardurak dira, behin honaino iritsita, aurrera egin edo bidean geratzea zehazten dutenak, edozein kasutan.
Eñaut Martikorena gorabeheratsu aritu zen Arrasaten; ohi bezala ez zuen kasik pentsatzeko denborarik hartu kantuan hasterako eta beragan ohikoak diren ateraldiez zipriztindu bazuen ere jarduna, izan zuen erdibidean galdutako alerik ere. Eskertu zion entzulegoak puntukakoan erakutsitako bizitasuna, zeinetan Mantxik bertsoaldia amaierara azkarregi bideratu izanagatik ernegatu ere egin zen, azkenerako, hernaniarra. Orduantxe ari zen-eta, bete-betean asmatzen... Seigarren atzo Mantxi, ohi bezala plaza libreko saio batetik gertu dagoen bertsokera biziarekin une oro, finaleko borrokatik kanpo baina ateraldi txinpartatsuen bila. Ez omen du Gipuzkoakoan gehiago kantatuko. Txapelketa Nagusiko atea zabalik utzi duela ulertuko dugu, gutxienez.