Txema Arinas.
HIRUDIA

Mozkor arrailak

2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Irakurle zaharrak gaur egungo literatura gehiena oso motela, mengela ere bai, dela uste du. Irakurle adintsua den aldetik baditu bere memoriaren zorroan gazteagorik irakurri zituen XIX-XX mendeetako literaturaren hainbat eta hainbat handi: James Joyceren Ulysses (1922), Malcom Lowryren Under the Volcano (Sumendipean, 1947), Julio Cortazarren Rayuela (1963), Hemingwayren The Old Man and the Sea ( Agurea eta Itsasoa, 1951), Willian Faulknerren The Sound and the Fury (Soinua eta Sumina, 1929) edoCharles Baudelaireren Les Fleurs du Mal (Gaitzaren Loreak,1857) edo Juan Rulforen Pedro Páramo (1955). Hauek dira, besteak beste, irakurle urtetsuak gogokoen dituen liburuetariko batzuk, hau da, behinola benetan, gogoz eta erruz, txunditu, astindu edota eraldatu zuten liburuak. Ez ziren den-denak liburu borobilak, hau da, prezioski edo gramatikari dagokienez txukun idatzitakoak, ez eta istorio bikain taxututakoak ere. Halere, bazuten irakurle gaztearen barne-muinak iraultzeko gaitasuna. Gaur egungo literatura gehiena oso txukun idatzia dago. Gaur egundo idazleak oso trebeak dira, egiazko profesionalak idazteko teknika edo trikimailu guztiak inork lehen ez bezala erabiltzen dakitenak, egundoko ezaguera dute ofizioari buruzkoa. Alabaina, eta tamalez, gaur egungo idazle gehienek ez dute gure irakurle eskarmentudunaren gogoa asebetetzen lortzen. Izan ere, gure irakurle nostalgikoaren ustetan arima deritzoguna falta zaie gaur egungo liburu gehienei.

Gure idazle zaharrak bere buruari galdetu dio atsekabe honi buruz, zergatik aspaldiko liburuek bai eta egungoek ez. Horrenbestez, aspaldiko idazleei erreparatu die eta gogokoen dituen gehienek sobera, maiz ere neurriz gain, edan ohi zutela jabetu da. Zurrutero benetan porrokatuak, mozkor arrailak, euren obra handiak tintaz baino ardoz edo patarrez idatzi zituztenak. Egia esan, atsegin dituen idazle gehienak mozkor-ontzi peto-petoak omen ziren gorago aitaturakoekin batera: Charles Bukowski, Willian Burroughs, Truman Capote, Raymon Chandler, Ruben Dario, Dostoyevski, Grahan Green, Marguerite Duras, Omar Jayyam, Allan Poe, Joseph Roth, Dylan Thomas, Arthur Rimbaud, Victor Hugo Viscarra eta abar eta abar. Egia esan, baldin badago hezur-muinetaraino ukitzen duen liburu bat hori da Joshep Rothen Die Legende vom heiligen Trinker (Edale sainduaren kondaira, 1933). Gauzak horrela ere, gure irakurle txit hunkiberak berehalaxe gogora ekarri du Eduardo Chamorro idazle madrildarraren Galería de Borrachos (2002), non edanak, Literaturaren Historian izandako garrantzia nabarmentzeaz gain, ondo eta «sano» edatearen bertute aristokratikoak bezain artistikoak jorratzen dituen banan-banan, hau da, oso umore hordiz.

Hortaz, ondoriozta genezake, betiere oso modu arinean, jakina, gure irakurle porrokatuak liburu baten mamian bilatzen duen delako arima hori edanean omen datzala. Edo are okerrago, hordikeria goraipatzen ari dela gure irakurleguztiz arduragabea. Baliteke, bai, gure irakurle zaharra ez baita, ez sendagilea, ez eta moralista ere; egia esanda, bere irakurle eskarmentuari baino ez dio eusten.

Zein da, orduan, egungo literaturaren ajea? Ez al dute egungo idazleek aspaldikoek bezainbeste edaten? Edan, noski edaten dutela; baina, agian ez zaie aspaldikoei bezainbeste antzematen haiek baino zuhurragoak direlako, hau da, alkohola osasunaren galbidea delakoan daudelako. Izan ere, badakigu osasuna dugula gaurko eguneko balorerik balioetsiena, nolabait zentzuzkoa bezain fidagarria zarela egiazta dezakeena gainontzekoen aurrean. Edo bestela esanda, ezinbesteko bertute edo baldintzak idazlea eta bere lana produktu bilakatze aldera. Eta horrexegatik ere badirudi gaur egun oso idazle trebe, profesional, emankor asko ditugula eta aldi berean ere hain artista gutxi; inork esan ez diezaien Dylan Thomasi egotzitakoa: «Kaosa eta gehiegikeria izan ziren haren jenialtasunerako bidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.