Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Modernoak

2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ez dut uste inoiz metro koadroko hainbeste moderno ikusi dudanik», esan zidan lagun batek Relampago izeneko jaian orain dela bizpahiru aste. Oso sinplista jarrita, esan genezake izendatzen dituen norbanako edo taldeak baino musika bitxiagoa, haiek baino arropa bitxiagoak janzten dituzten pertsonak direla modernoak. Baina, batez ere, bitxitasun horren atzean dagoen hutsaltasuna kritikatzeko erabiltzen da terminoa. Modernoak: norbera ez diren pertsona horiek. Izan ere, modernoak beti dira gainerakoak. Beste bat sortzeko bidea dela esango nuke, norbere burua hutsaltasunetik kanpo dagoela adierazteko modu bat. Gainerakoak dira hutsalak, ni ez. Bereziki, modernoez hitz egiten duten gehienak modernotzat hartuak izan daitezkeenak direlako. Moderno punturen bat ez dutenek ez dute modernoez hitz egiten.

Musikan nahiko ohikoa da gustuen arabera elkar kritikatzea. Indieak Euskal Rock Erradikala entzuten duena kritikatuko du zaharkitua geratu delako. Punkak, indiea, pijokeriak entzuten dituelako. «Izorra daitezela indie moderno horiek», irakurri dut toki askotan, garagardo marka baten izena duen jaialdi batek metal taldeak eramango dituela eta, merkatuak metala ere modernotu dezakeela kontuan hartu gabe; halaber, aintzat hartu gabe indie moderno horientzat metala entzuten duten batzuk direla agian moderno.

Niri ez ninduten sekula moderno esan dioptria kopurua hazi zitzaidan arte. Nire hutsaltasunari ez zioten lehenago erreparatu, nonbait. Eta moderno deitu didatela eta, nik ere baliatu nahi dut zutabe hau ni salbatuko nauen bestea sortzeko. Horrenbestez, idatziko dut lagunari esan niola jaian parte hartzen ari ziren horiek guztiak ez zirela modernoak, izatekotan, postmodernoak zirela. Oro har, modernotzat hartzen direnak hurbilago daudelako, egotekotan, postmodernismorik hutsalenetik modernitatetik baino. Eta nik, aukeran, nahiago dudalako modernitate estetikoa postmodernitatea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.