Maite Larburu.
LAUHAZKA

Mirarien egunerokotasuna

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
  Ametsetatik paraxutik gabe salto egin eta esnatzea. Begiak zabaldu eta ikustea. Belarriak ireki ere egin beharrik gabe entzutea. Gorria, urdina, txuria eta haien siluetak sumatu eta forma horiek osatzen dutena ezagutzea: leihoa, gortina, koadroa, koadroko itsasoa.
  Ez da benetakoa.
  Baina itsasoa da, egia bera.
  Iratzargailua.
  Ordua.
  Denbora gauza konkretutzat hartzea.
  Hitz hau idatzi, eta zuk, esan nahi duena ulertzea. Zure niniek hau eta HaU eta hAU-ren arteko desberdintasunak erregistratu eta interpretaziorik gabeko mezu elektriko bat burmuinera bidaltzea.
  Elektrizitatea bizkarrezurrean gora eta behera ibiltzea.
  Bizkarrezur elektrikoa edukitzea.
  Eta Trafikoa.
  Oraintxe trafikoaren hotsa entzun, eta entzute horretaz ohartzea.
  Ala ez.
  Baina hala ere entzutea.
  Ohea.
  Maindirearen azalaren azal goxo izatea.
  Burkoak, amak amaren hatzekin josiriko burko kotoizkoak, ilea ukitzea.
  (Amaren eskuek ilea ukitzea da hori).
  Ama.
  Amaren mintzetik sortua izatea. Amaren mintz berbera zarela ahaztea. Ama zure ohea izan zela pentsatzea.
  Gaur goizean, ohea zure ama izatea.
  Eskuari maindirea altxatzeko agindu gabe agindu eta eskuak obeditzea. Ohean eseri nahi eta eseri ahal izatea.
  Jaikitzea, baldosen hotza oinazpietan sentitzea. Sentitzea.
  Komunera joan eta pixa egitea, hustea.
  Bonba sakatu eta pixa desagertzea! Ta-ra!
  Hasperen egin, birikak airez bete, eta bapo geratzea. Airea.
  Oxigenoa.
  Sukaldeko argiz beteriko sukaldea.
  Eta aulki hutsez.
Eta beste garai batean bertan bizi izan zirenen keinuen ausentziaz. Mamu haien imintzio ezabatuez konturatu, eta une batez, mundu honetan eta bestean egotea. Sukaldetik irten gabe.
  Sukaldeak ni, zu eta zuei guztiei leku egitea. Ezagutu ere egin gabe.
  Sukaldeak, batez ere, kafea maizter izatea. Eta kafe txigortzailea. Kanilari bueltak eman eta ura irtetea. Ur hotza ala beroa. Aukeraketa bat egitea. Gasaren giltza irekitzea. Sua, segundo bateko txinpartaren ondorioz agertzea. Inork ikusi gabe, su berbera begietako errainuetan... bat, bi, hirugarren aldiz piztea.
  Baporea paretetan zehar hedatzea. Usaina usaintzea. Kafe aleen artean sartu duzun kardamomoaz jabetzea. Lagunak Indiatik, eskuei, oinei, hegazkinei esker ekarririko kardamomo aletxoaren zukua irenstea. Kafea dastatzea. Liburu bat ireki eta orri arrunt batean ondorengo guztia gorderik dagoenaz ohartzea: mendeetan zehar gizakion komunitateak sortuak dituen esamolde, hizkuntza, esanahi, ñabardura, letra, abezedario, paper, enkuadernazio teknika, teknologia-nanologia-historiologia, papera izandako zuhaitzen eskuzabaltasunogi, idazlearen ordenagailu piezak batu zituen haurraren azkazal puxka, liburua ekarri zuen errepideen existentzia, idazle baten irudimena, irudimen hori piztu zuen pertsonarena eta bestearena eta bestearena eta bestearena eta zerrendako laugarren irudimen-eragilearen minbizia sendatu zuen medikuaren trebezia...
  Telefonoa hartu eta dei bat egin. Piiii, piiii, piiii... eta bai? Hainbeste maite duzun hori oraindik ere hor egotea. Zemuz, mattia? aditzea. Erantzutea. Ahots horren presentzia eta ederraz ohiturik egotea. Birikaren azpian eta urdailaren gainean zerbait hedatzea. Kilima bat. Berotasuna.
  Arrain batek bihotza aire burbuila batez inguratzea.
  Maitasuna.
  Eta eguraldi txarra madarikatzea. Eguraldiari errua bota ahal izatea! Eguraldiaren gu guztiokiko pazientzia?
  Hamar minutuz berriketa absurdoan aritzea, telefonoa eskegitzea. Klik. Telefonoaaaaa!
  Beste batekin distantzian hitz egin ahal izateaaaaa!!!
  Zure aurpegia ispiluan ikusi eta ez harritzea. Zu zarela jakitea. Bi begi, sudurra, ahoa, hortzak, mihia, ezpainak, burua estaltzen duen ilea... hori guztia objektu alientzat ez hartzea.
  Urez loa frexkatzea.
  Ikusten dezu goizean... kantatzea.
  KAN TA TZE A.
  Kulero garbiak jantzitaeskailerak jaitsi eta estropezurik ez egitea (kuleroekin batezere).
  Eurien milioika esku ttikiez laztandua izatea.
  Euriak eskuak dituela esan zuena poeta bat izan zela ez jakitea.
  Eta oraintxe bertan, hau guztia dibagazio bihurtzen zaidan unean bertan, hegazkin baten barnean egotea. Pasaiako portua zerutik ikustea. Zuk, nik Pasaia zerutik ikusten dudanaren berri izatea.
  Denboran eta espazioan aurrera eta atzera egitea. Gogoak eman ahala.
  Adibidez, gogoratuaz, nire leihoko kaktusa, arantzez beterik dagoela. Gogor-gogorrak, milaka arantza buelta guztian; goian eta behean.
  Baina fuksia koloreko lorez eginiko koroa, leun-leun-leun egiten dakiela.
  Eta badakiela nola.
  Eta badakiela noiz.
  Rose is a rose is a rose is a rose.
  Mirari mirari bat da mirari bat da mirari bat da mirari.
  Zergatik baina zergai-zergai-zergaitik ahazten zait, honi guztiari eskerrak ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.