Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Miraria

2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Hirokazu Kore-eda egungo zinemagile japoniarrik esanguratsuena da. Zinemaldian gidoi onenaren saria eskuratu zuen Kiseki filmagatik, eta joan den ostiralean estreinatu zen hegoaldean. Egun dokumentalaren esparruan esperimentazio bide berriak irekitzen ari diren gazte ugari ditugu, Lacuesta kasu, eta aipatu beharra dago Kore-edak egin zituen lehen lanak dokumentalak izan zirela. Dokumentaletan trebatu ostean, fikzioaren esparruan lortu zuen nabarmentzea. Baina, forma baino gehiago, gizartearen diagnosia egitea interesatzen zaio. Memoria, iragana, heriotza eta halako gaiak jorratzen ditu, eta, ikuskizunaren gorazarre egin beharrean, egunerokotasunean ikusezinak diruditen ekintzak azpimarratu nahi izaten ditu. Batzuek egunerokotasuna aspergarritasunarekin lotzen dute, baina aurreiritzi horrekin hausten du Tokioko egileak. Plano luzeak atsegin ditu, eta egunerokotasuneko erritualen garrantzia azpimarratzeko bere denbora hartzen du. Kapitalismoak ezarritako denboraren diktadurari aurre egiten dio, eta, horregatik eta familia giroan kokatutako istorioak aukeratzeagatik, Ozurekin alderatu izan dute. Ozu zuzendari japoniarretan japoniarrena kontsideratu izan dute zen kulturaren eragin zuzena jaso zuelako, baina Kore-edak iraganaren aurrean beste jarrera bat dauka. Arkadiarik ez da inoiz existitu, eta, horregatik, iragana zama gisa ulertzen du, eta pertsonaiek iragan traumatiko (kolektibo zein pertsonal) horrekin bizitzera behartuta dauden arren beti bilatzen dute aurrera egiteko modua. Iraganaren eta orainaldiaren artean harrapatuta daude, eta, fantasmak gogoko ez dituenez, bizirik daudenen alde egiten du. Kore-eda biziaren mirariaren profeta da. Apokalipsiaren iruditeria nagusi den garaian, Kore-edaren ebanjelioak berebiziko garrantzia du. Haren filmak galeraren inguruan badira ere, zoragarriak eta xaloak dira. Ez du sentimentalismoa gustuko, eta pertsonaiekiko distantzia ezarri ohi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.