Karmele Jaio.
Iritzia

Min luze bat

2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
Gertutik begiratuz gero, inor ez da normala. Hala esaten dute eta Alice Munroren ipuinetako pertsonaiak ideia hau egiaztatzera datoz. Munrok jende arrunta erakusten digu, euren bizitza arruntetan murgilduta dauden emakume eta gizonak, baina normaltasunean arrakala bat irekitzen da beti, eta arrakala horretatik barrena darama irakurlea idazketa lasai eta luzearen bitartez, presarik gabe pertsonaien xehetasun asko kontatuz, eta istorioaren adarretatik joanez. Askotan irakurlea zurrunbilo baten erdian sentitzen da, nora naramazu galdezka bezala, baina umeekin gertatzen den modura, poliki-poliki, ia konturatu gabe istorioa hazten doa, eta bat-batean eraikin handi baten aurrean aurkitzen gara. Itzal izugarria uzten duen eraikin erraldoi bat agertzen da gure aurrean eta konturatzen gara idazlea gutxika ereiten joan den hori barruan iltzatuta geratu zaigula, gehienetan bizitzaren inguruko irakaspen sakon bat.

Bizitzaz idazten du Munrok, bizitzaren konplexutasunaz; esaten digu bizitzan ez dagoela ezer erraza denik, sinplea denik; gauzak uste baino konplikatuagoak direla. Pertsonaien ahulezia eta atsekabea agerian uzten ditu, baina garrasirik egin gabe, tiraldi zakarrik gabe, aldiz, azaletik tirita bat geldika kentzen digula sentituko dugu. Min luze bat.

Nobel saria jasotzen duen hamahirugarren emakumea, bere seme-alaben siestan idazten zuena. Oraindik gela propioa behar dugula gogorarazten diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.