Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Milesker

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Azaroan eta abenduan, sorkuntza berri baten kari, Baionako Etxepare lizeoan eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan egon gara. Bi ikastetxeek gure sorkuntzak eskatzen dituen saiakerak bertan egitera gonbidatu gaituzte. Ikastetxeko musika edo arte gelan, aste oso bat egon gara bakoitzean. Ikasleekin jan dugu haien kantinan, ikasleen egoitzan entseatu dugu, errepikaz errepika ikasleak etorri dira, bakarrik edo irakasleekin, hezkuntza aholkulariekin ala hezitzaileekin. Irakasleak ere hurbildu zaizkigu, ulertzeko, partekatzeko, hausnartzeko. Eta elkar harritu dugu.

Jakin behar da saiakerak beti malestrukak direla: ez dakigu nora goazen eta zalantza dugu nagusi. Ezer ez da efikaza, ezta ikusgarria ere, testua ez dugu amaitua, eszenografia eskupean dugunarekin osatzen dugu, argiak lanekoak dira, eta musika bidean da.

Hots, antzerki saiakerak zailak dira, hauskorrak, eta gehienetan ez dugu asmatzen. Artisau lana izanik, milimetroz milimetro aitzinatzen gara, jakin gabe zehatz nora goazen. Noizean behin, argitxo bat ikusten dugu, baina gutxitan. Zuzendari gisa, nire lehen hitzak hauek izaten dira normalean: «ez dakit... baina saia gaitezen».

Ikasleak, irakasleak, hezkuntza aholkulariak eta hezitzaileak begiak eta belarriak zabal-zabalik egon dira, gertakari guztiei adi eta kurios, galderaz gainezka, gomendioz eta gogoz beteta. Eta modu bitxian, gure etorrerak ikastetxeko ezberdintasunak leundu ditu (izan urteak, sexua, izaera edo gaitasunak). Haurtzarokoa, nerabezarokoa eta gaztarokoa garai bereziak dira, norbanakoak nor garen eta nor izan nahi dugun adierazteko garaia. Eta ikuspegi horretatik antzerkia bitarteko bat bilakatu da: norbere baitako begirada eta bide batez inguratzen gaituen munduarekiko dugun begiradari buruzko hausnarketa egin ahal izateko tresna. Etorkizuna eta haren tresna iraunkorrak eraiki behar dira. Jokoa da gure eremua, plazera, horrek indarra ematen digu, eta are gehiago euskaraz eginez. Esperientzia horietan, gure hizkuntzari balio erantsi bat eskaintzen diogu. Euskaraz erraten duguna, euskaraz soilik adierazi dezakegu.

Sormen esparrua berriz asmatzeko aukera irekia da ikastetxeetako hau: idazkera, irudimena, gorputza eta elkarbizitza. Aisialditik urruntzen gara, sormen partekatutik hurbiltzeko eta artearekiko lotura afektiboa gauzatzeko.

Agurtzear dugun Zaldi Urdina ere hau dena izan dela erran dezaket, ausardia zerbait bada ere. Eta oso eskertua sentitzen naiz. 16.000 pertsonak baino gehiagok antzezlana ikusi dute, eta zoragarria iduritzen zait. 83 emanaldi beteko ditu abendu bukaeran, eta sinesgaitza zait. Pandemiaz gain, euskal komunitateak antzezlana bere egin du, eta ez daukat hitzik. Familian etortzen ikusi zaituztet, bikotean, lagunartean, zuena zen zauria partekatzeko, eta bide batez mina arintzeko. Eta maitasun handiz tratatuak izan garela ere erran behar dut.

Eskerrik asko publikoari, kazetariei, kultur eragileei, ikasle eta irakasleei, teknikariei, ekoizleei, banatzaileei, aktoreei, elkarteei... zuei guztiei, zeren urte bat eta hiru hilabetez bat izan gara. Bat gara, asko izan arren eta denak ezberdin.

Ilusioak merezi du, saiakerak merezi du, emanaldi bakoitzeko borrokak/apustuak merezi du. Nafarroa Beheretik Arabara eta Nafarroako puntatik Gipuzkoako erdigunera, Lapurdin eta Bizkaian, denetan egon gara, eta ozen esan dezaket harrotasun zerbaitekin: bat gara.

Irri partekatua ez da utopia bat; elkarri mintzatzea eta hatsa batera hartzea hitz beretan ez da ameskeria bat, gertakari beretan eskutik heltzea ere ez, zeren denek pairatu dugu zaldiaren odolustea; denok euskaraz erran ahal izan dugu, ahotik belarrira, etxeetan gehienetan, eta orain antzokian. Bakoitzaren malkoa guztien minaren adierazlea izan da, eta begi busti guztiak bakoitzaren bizipenen ispilua izan dira.

Ez zaituztet ahaztuko, bakoitzak eskaini duzuena nirekin eramaten dut. Beste hainbat mendi, itsaso eta leku ezezagun zeharkatzeko indarrak bildu ditut, eta garrantzitsuena: posible dela sinesten dut.

Gure historia modu gordin eta fikzionatuan kontatzea posible da; euskal antzerkitik mundua marratzea eta zazpi kantoietan kurritzea posible da; urte guztietako familia eta kuadrillei mintzatzea posible da; herri bakar batean bizitzea posible da; guztien elkarlana da giltza. Hau dena eta gehiago erakutsi diguzue, eta eskertzen dizuet. Bihotzez, milesker, eta laster arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.