Hitzik gabe geratu da horrenbeste esateko zuena. Mutu geratu da, barruak hitz egin ostean.
Aste honetako Emen Gonak irratsaioan Ianire Aranzaberen proiektua aurkeztu dut, Oriol Flores kataluniarrarekin batera osatzen duen Esanezin proiektuaren Aireratzen izeneko diskoa, hain zuzen ere. Ianirek dio, «hitzekin esan ezin daitekeena musikaren bitartez helarazteko» sortu zuela proiektua, musikak ahalmen izugarri hori baitu, aurrez aurre esan beharreko hitzik topatu ezinik, sentitzen duguna kanporatzeko aukera ematen baitigu. Bere ahotsaren zirrara triste horrekin, gazte hasi berriaren gogoetak eta beldurrak ozen oihukatzeko bidea aurkitu du sei abestiko tarte intimo horretan. Uharte bakarti horretan entzuleak harekin bat egin arte, norbere barrena partekatzearen magia gauzatzen duen lekuan itxaroten dihardu orain Ianirek.
Bada, ordea, habitatua izateko hitzak ezinbestekoak dituen lekua, uharte bakarti horren hezetasunarekin kontrastatzen duen paperaren ihartasunean itxaroten. Mihise zurian pausatu den eskuak ia kontrolik eta geldiunerik gabe askatuko ditu pintzelkada bihurtutako hitzak, hemen ere bakardadean babestuta, askatasunari neurririk hartu gabe, askotan aurrez aurre esan ezin daitekeena kanporatuz.
Idazten hasi orduko, beste modu batean margotuko ez genituzkeen paisaiak berez sortzen dituen eskuari jarraitzen dio zirrara batek. Hilean behin heltzen zaigun aukera aprobetxatuz, bakardadetik idatzitakoa hainbat ezezaguni helaraztearen aukera preziatua; kulturgintzaren ekosistema zaintzearen premia helarazteko. Amatasun feminista aldarrikatzeko. Euskal musikan irakatsi zigutenak eskertzeko. Emakume musikarien egoera eta ahizpatasuna zabaltzeko. Itxialdian elkar ukitzeko beharra partekatzeko. Gizarte utopikoarekin amesteko. Distantzia edertasunaren arima eta maitasun mota bat dela ondorioztatzeko. Abestiek entzun beharrekoa xuxurlatzen digutela ulertzeko. Basamortu bihurtzeko arriskuan dauden aretoak berriz ureztatzeko. Izaten ikasteko abestiak egin zituztenak gogoratzeko. Ahoak musuko atzean gordetzen duen intimitatea berriz aurkitzeko. Iazko urteak gogortu egin gintuela eskertzeko. Emakume musikarien lanaren aniztasuna azpimarratzeko. Idoloak merezi duten moduan hiltzen ikasteko. Kulturan ageriko kritika konstruktiboaren falta salatzeko, eta musikariaren barrenak modu esplizituan askatzeko ausardiari deitzeko.
Hitzik gabe geratu da horrenbeste esateko zuena. Mutu geratu da, barruak hitz egin ostean.
Hori guztia esan ondoren, luzaroan buruan bueltaka zerabiltzan gogoetak asmo txarrik gabe azaleratu dituena mutu geratu da bi urteren ondoren. Zorionez, txanda aldaketarekin bat egin du, gehiago esaterik ez duen une beretsuan. Akaso, gehiago esateko atseden hartu, eta uda oso bat baino gehiago beharko lukeelako. Mihiseak betetzeari utzi, eta, Ianirek egin bezala, uharte bakarti batean entzulearekin bat egiteko zain eseriko da, azken bi urteetan hazten lagundu dioten ordenagailu aurreko uneak laster ordezkatuko baitituzte haren abestiek.
Bihotzetik eskerrik asko Mikel Lizarralderi eta BERRIAko familiari, aukera paregabe eder honengatik. Azala aldatzen eta hazten laguntzen duen esperientzia hau oparitzeagatik. Eskerrik asko irakurleari ere, noizean behin igandeko kafesnearekin bat egin izan duen nire mihiseari so egiteagatik.
LAUHAZKA
Mihisea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu