Ismael Manterola
Artea. Begiz

Menchu Gal

2013ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Irungo pintoreari buruzko erakusketa eta hitzaldi zikloa antolatu da azken hilabeteetan EHUk Bilbon duen egoitzan. Erakusketa zabala izan da, zabalegia agian, nire gusturako, baina artistaren hainbeste lan elkarrekin ikusteak haren garrantziaz ohartarazteko balio izan duela iruditzen zait.

Egon dira kritikak, eta seguru asko, zer kritikatua ere, baina, arte historiak erraz baztertu duen artista baten aurrean gaudela konturatu naiz. Ibilbide pertsonal indartsua, pintura proposamen sendoa, gorabeheratsua eta ahul eta indar guneak dituena artista guztiek bezalaxe, baina, niretzat aurkikuntza horietako bat izan da; laminetarako pintura izatetik, interes bereziko pintura izatera; oso ezberdina baita Menchu Galen koadroak aurrez aurre ikustea edo argazki baten bitartez ikustea.

Hitzaldi baten bidez artistaren erretratuak aztertzeko gonbidapena jaso nuen. Horrek gehiegi erreparatu ez nuen alderdi batean lan egiteko aukera eman dit. Ez omen zion edozeini erretratua egiten Menchu Galek, enkarguak jasotzeari uko egiten zion aurrean zuen pertsonaiak gauza handirik esaten ez bazion. Horregatik, erretratu interesgarriak aurkitu ditut nire bilaketa azkar eta enkarguzkoan: Carmen Laforet idazleari 1948an pintatutakoa, Ramon Faraldo bikotekideari hurrengo urtean egindakoa, Rafael Zabaleta pintoreari 54an pintatutakoa, eta abar, baina benetan gehien harritu ninduena amari tarteka egiten zizkion erretratuen multzoa izan da. Baliteke gehiago egotea, nik lau kontatu arren: lehendabizikoa 1949an egindakoa, Bilboko Arte Eder museoan gordeta dagoena; bigarrena 60ko hamarkadakoa, ama aurrez aurre azaltzen duena; hurrengo biak 70eko eta 80ko hamarkadakoak. Badirudi hamarkada bakoitzean amaren irudia egiteko konpromisoa hartu zuela.

Ama xamurtasunez eta indar handiz irudikatu zuen, horrelako pertsonaia baten aurrean espero dugun jarreraren bidez. Hala ere, zailtasunez betetako harremana izan omen zen Menchu Galen eta amaren artekoa. Elkar ikusi ezin, eta elkarrengandik aparte bizi ezin zirenekoa. Askotan ama-alaben artean errepikatzen den amodio-gorroto harreman ohikoren bat, alegia.

Horrek erretratu seriea aberasten du. 49ko amaren irudi indartsu eta dotoretik, 85ean pintatutako ama zahar eta kolore aldetik soilera, bizitza osoa pasa dela ematen du. Bai amarena, baita Menchu Galena ere. Hitzaldian esan nuen bezala, amaren bidez Menchu Galek autorretratua pintatzen ari ez ote den pentsaraztera eraman naute amari egindako hainbeste irudik, batez ere, kontuan izanda bere buruaren marrazki bakarra ezagutzen dudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.