Baina bat-batean pasatu da kuia lilien erromeria (Errobi taldeari ikasi genion gisara esanik) eta ospatuko omen da ber erromeria uztailarekin, eta berriz ere irailarekin. Segapotoaren izkina batean hemen aipatzeko moduko oharrak zirriborratzen dira, noiz edo noiz garatzekotan. Hortaz, otarrean usteltzen utzi beharrean, hobe azken oharren pot-pourri bat ematea. Honatx idatzi ez ditudan (eta ziurrenik idatziko ez ditudan) Lauhazka posible batzuen motiboak:
1. Kadrillaren bila: Astelehenean kale kantoi kafea Luisekin. Atlantiko beltzaren ezusteko genealogien maitale biok ala biok, azkenaldian aurkitutakoen berri trukaketa. Neurea: Kadrilla. Hilabete batzuk dira Sally Newhart-en The Original Tuxedo Jazz Band: More Than a Century of a New Orleans Icon liburuarekin ibili nintzela. Ohiko txantxa onomastikoaz haraindi, (jakina denez, orkestra horren sortzailea Oscar Papa Celestin tronpeta jotzailea izan zen), New Orleans inguruko musika kulturaz azalpen interesgarria. Ohiko melting pot hori pixka bat xeheago azalduz, frantsesen eraginez XIX. mendean zehar quadrille izeneko dantzaren garrantzia aipatu izan da. Kontua da hitz hori ezagun samar zitzaidala, nire dantza kontuen ezezagutza lotsagarrian... Argitxoa piztu: Bedaxagarren disko batean bada kadrilla zerbait. Bilatu, eta bai, bada kadrilla 3. figura eta kadrilla 4. figura. Baina argitxoa itzali ez, eta etorri zait Martinicako diskoren batetik ezagun nuela figuren kontu hori. Eta halaxe da. Dakitenei galdetu eta esaten duten bezalaxe: adarrak hamaika norabide eta garai hartzen ditu, luze garatzeko modukoak. Agian Alan Lomaxi (beste behin ere) gorazarre egiteko aitzakia izan daiteke.
2. Trikitixa hitzaz: Joan den hilabeteetako obsesioa: trikitixaz pixka bat gehiago jakiteko bidea. Eta buruhauste handixkoa: hitzak jasan duen eraldaketa semantiko latza. Inguruan galdetuta, trikitixa tresna baten izentzat hartzen da oro har. Baina tresna hori errotuen dagoen inguruetako jendeak soinu hitza erabiltzen du (aski ederragoa). Soinu txikia eta soinu handia, trikitixa eta akordeoia izan beharrean. Hitz bera erabiltzen da ahoz emandako koplak dituen fandangoa esateko; hots, pieza baten forma esateko. Gehiago harrituko nau txapelketetako grabazio historikoak adituz aurkezleak «trikitixa» darabilela bikote edo konjuntoa aipatzeko (soinua eta panderoa elkarrekin dabiltzalarik): «Trikitixa ezagun hori Laja ta Landakandak osatzen dute... gaur» (esaldi horrek berak luzerako ematen du). Trikitixa hitzak panderoaren onomatopeia adierazten zuela jakin dut beranduago; bada koxka bat onomatopeia horretatik bikotearen beste tresna izendatzeraino.
Hau nola, zergatik eta zertarako gertatu den, sakontzeke. Baina zantzuak begi bistan dira.
3. Corrido tumbado-ak: Hau idazten hasia nintzelarik marketinaren operazio erraldoietan abila den erdipurdiko musika ekoizle baten kausaz gaia alde batera uztear... Baina, zerrendan zegoenez, aipa dezadan. Natanael Canok ezagun egin zuen genero honek irakaspen bitxia uzten baitu, tradizioak berritzeaz eta zabor horretaz guztiaz. Jakina ez dela alderagarri gurearekin, baina ohiko genero bat hartu, ezagutu, irauli (ez horrenbesterako!) eta belaunaldi berri batek bere egitea eder zait. Soinu eta egitura aldetik ezagutza eta sakontasuna dario, baina delivery-a eta gaiak bere une eta tokiaz ari direnean posible izan daiteke. «Nazioarteko estandarraren araberakoa» edo «modernoa» izan beharraren pentsamendutik harago badela aukerarik, itxaropen hori pizten dit.
4. Transmisioaren gaineko galdera garratz (ustezko) sorta luzexka bat: Ez omen dute gazteek euskarazko musika askorik aditzen, ez omen dute ezagutzen ezagutu beharreko totemen zerrenda. Eta guraso engaiatuak larri dira, Spotify zerrendak osatuz, bide benetakoa erakutsi nahian edo. Baina nola egin hori posible? Komunikabideen aurka eta egungo kantu (barka) kontsumo modu globalari aurre? Kultur erritu propiorik gabe? Zer alde dago guraso horien gazte garaiarekiko? Eta euren gurasoenarekiko?
5. Txarangaren lengoaia propioa bilatzeko beharraz proposamen bat double drumming-aren bidez: Hau azaltzeko, lehenik, banda militarren jatorriaz argi zerbait (kobreen eraikuntza eta diseinua nola osatu zen XIX. mendean...). Hortik nola banda zibilak sortu ziren. Eta, azkenik, nola banda zibilen erredukzioak barreiatu ziren —banda popularrak esango nieke nik— mundu osoan zehar. Hau argituta, New Orleansen bezalaxe herri musikatik zetorren lengoaia bat mamitu zen hemen txarangetan (erredoble mota eta abar), baina nola azken hamarkadetan ez dugun asmatu rocka eta popa emateko perkusio lengoaia garatzen. Baina oraindik ere garaiz garela, pentsatzen badugu.
Tira ba. Horiek dira, oraingoz behintzat, idatzi gabe geratu diren batzuk, inork nahi badu jakin. Gaizki esanak barkatu eta ongi esanak (halakorik balitz) kontuan hartu. Karrikan topo egingo dugulakoan, aio.
LAUHAZKA
Medley: azken kantua balitz (II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu