Deba ibai ertzean dago, eta Maxpe izena du. Etxe txikia eta berezia da, errepideak eta trenbideak isolatuta. Horregatik ibaira okertu dela dirudi. Lorategi txiki batez inguratutako ipuinetako etxe berezi honen lehenbiziko aipamenak XIV. mendekoak dira. Loja omen zen: barnealdeko gaiak itsasoratu baino lehen gordetzeko eta itsasontziek ekarritako gaiak barnealdera garraiatzeko zain edukitzeko tokia.
Maxpeko behealdea XIV. mendean bezala kontserbatu da, beti familia berearena izan delako, batez ere. Ez da ondare artistiko izugarria, ez da arkitektura lan ikusgarria, baina txikitasunean eta kanpoko itxura ez oso txukunaren barruan, izandako garrantziaren eta duintasunaren maila gorde du.
Ibaitik igotzen den hezetasuna sumatzen da biltegi zabalera iritsi orduko: harrizko hormak, egurrezko egitura tradizionala (Mendibururen eskulturagogorarazten diguna) eta lurreko lauza tzarrak (Historiaurreko har batek lagatako arrasto fosila eta guzti). XV. edo XVI. mendeko ate handia zabalduz gero, ibaira doan eskailera eta Deba ibaia itsasoratzen denean egitenduen meandroaren padura aberatsa ikusten dira, lainoek lausotutako Kalbario mendiko baserriekin batera. Kokapen ederra benetan Maxpe etxearena, bai naturari begira, bai estrategikoki.
Udako etxekoandreak betetzen du bere istorioekin eta xarmarekin urtean zehar itxita egoten den eraikina; eta, lehen esan bezala, maila handiko ondare artistikoa ez bada ere, historiak eta oroitzapenek osatzen dute arkitekturak ematen ez duena. Euskal Herrian etxeak garrantzi handia izan du; lurrari lotu gaitu eta sustraiak mantentzeko aukera eman digu mendez mende. Hain zuzen, horixe da Maxpek duen erakargarritasuna: bizirik dagoen etxea da. Ondare fisikoa gordetzearen beharra begi bistakoa izaten da, baina gutxitan erreparatzen diegu ondare horiek gordetzen dituzten bestelako ondareei: historikoak, antropologiakoak, etnografikoak, kondairak, oroimenak, eta abar.
Maxpen konturatu nintzen zenbat galdu dugun ondarearen azterketa mekanikoetan. Euskarriari edo edukiontziari garrantzia eman diogu, edukiari ia kasurik egin gabe. Maxpen ondarearen teknikoak sartuko dira berehala, arkitektoak batez ere, eta arte historialariak, zorte pixka batekin. Proiektuak egingo dituzte etxea beste zereginetara egokitzeko; baina gutxik galdetuko diote Sokori (etxekoandreari) zer idazten zuen bere amamak ibaira ematen duen balkoiaren argitara. Hori ere, Maxperen ondarea da, nahiz eta guretzat ikusezina izan.
Artea. Begiz
Maxpe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu