Jon Eskisabel.
Ilaran

'Matxe-matxe'

2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ez zegoen galbiderik. Goiko kaletik, portutik, tabernetatik elastiko beltz eta gorria jantzita zetozen adin ugaritako neska-mutil eta andre-gizonek seinalatzen zioten kanpotarrari bidea, zapatu arratsaldean: Bide Onera zinema aretorantz zuzentzen ziren haien urratsak, Aitzol Aramaioren omenezko ekitaldira. Marabilli festibalak Ondarroako kaleak, plazak, kafe antzokia, tabernak, zinema aretoa eta kofradia zaharra hartu ditu joan den asteburuan. Lau egunez, ostegunetik igandera bitartean, antzerkia, zinema, arte plastikoak, bertsoa, performancea, musika, sormena eta kulturgintzari buruzko gogoeta eskutik helduta joan dira egitarauan, eta Aitzolen lagunek osaturiko Manuelistak taldeak bere buruari jarritako helburua — «nahitaezko negarraren gainetik, jaia eta giroa nagusitzea»— betetzea lortu du. Kopuruen gainetik —3.000 lagun inguru bildu dira ekitaldietan, antolatzaileen arabera—, nabarmenduko nuke Aramaiok gogokoen zuen «bixitxi marabilli re» esaldiaren muinak kutsaturik sentitu garela egun hauetan Ondarroan izan garen guztiok.

Egitarauak, berez, erakargarri izateko osagai ugari zituen: Ruper Ordorika (bikain aritu zen, beste behin), Markos Untzeta (jasotzen duen baino arreta handiagoa merezi du kantari honek), Marlango eta Lurraren kontzertuak, film emanaldiak (Jose Antonio Sistiagari buruzko En un paisaje imaginado, Fermin Muguruzaren Next Music Station: Marocco eta Josu Truebaren Kuidado ke muerden musika dokumentalak, Bypassestreinatu berria…), Sormena hamar minututan! saioa (Maialen Lujanbio, Alex Angulo eta Felix Beristainekin besteak beste)… Baina jende askorentzat Tribute To Aitzol kontzertua zen jaialdiko ekitaldirik esanguratsuena eta inolaz ere ez galdu beharrekoa. Ondorioz, egun gutxitan saldu ziren Kafe Antzokiko sarrera guztiak. Aramaioren gustuko taldeak eta haren gertuko musikariak zeuden iragarrita afixan, baina sorpresa batzuk kontzerturako gorde zituzten antolatzaileek. Horien artean, Gari eta Josu Zabalaren parte hartzea (Hertzainak-eko bi kide ohien eskutik Si vis pacem, Pakean utzi arte eta Ta zer ez da berdin berriz abestu genituen), Joxe Ripiaurena eta Zea Mayseko Aiora Renteria eta Pitirena (kantu bakarra eskaini zuten, Negua joan da ta). Jaialdia primeran joan zen, hainbat une berezirekin, esaterako Josu Zabalak, Bingen Mendizabalek, Rafa Ruedak eta Garik jendearen laguntzarekin Augustin Zubikarairen Ames, ames abestu zutenekoa. Malkoak ere azaldu ziren, Piztiak taldeko Txomin Uribe abeslari eta gitarristaren begietan, Aramaio gogora ekartzean Udako arratsaldin eta Azkenean kantuetan. Hala ere, laukoteak eskaini zuen —Jesus Galan gitarrista berreskuratu zuen emanaldi honetarako— gaueko saiorik grinatsuena. Gorka Urbizuk, El Deseo del Doctor (Doctor Deseoren bertsio akustikoa), Fignuh Experiencek eta Jonny Gerriweltek osatu zuten hiru orduko emanaldia.

Sormenari buruz aritzeko tartea ere egin zuten antolatzaileek egitarauan, eta horretarako prestatutako ekintzen artean gorriz azpimarratua nuen Asier Altunaren Nire sekuentzia kutunak zinema lantegia. Bere gustuko hainbat sekuentzia erakutsi zituen Aupa Etxebeste! eta Bertsolari filmetako zuzendariak, Simón del desierto (Luis Buñuel), Metropolis (Fritz Lang), Miracolo a Milano (Vitorio de Sica), Deus et machina (Koldo Almandoz), Songs for the Second Floor (Roy Andersson) eta Roma (Federico Fellini) filmetakoak besteak beste, gehienak oso ederrak, baina azalpenetan urri eta denbora aldetik motz gertatu zen saioa. Gehiagoren gogoz geratu ginen batzuk.

Zorionez, datorren urtean ere izango dugu Marabilli festibala, eta abiatutako bidetik jarraituz gero, hainbat diziplina bilduz eta sormenaren alorrean sakonduz, ekarpen garrantzitsua egin dezake kultur jaialdien eskaintzan. Hori baino lehenago, datorren larunbatean, Aitzol Aramaio film laburren nazioarteko lehiaketako 9 lan finalistak erakutsiko dituzte Legorretan, duela urte eta erdi zendutako zinemagile maitatua bizi zen herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.