Zergatik irakurri dugu horren komentario gutxi Ramon Saizarbitoriaren Martutene liburuari buruz? Onerako edo txarrerako, ez al du merezi geure literaturan inoiz idatzi den libururik mardulenetako batek zalaparta handixeagoa bere inguruan? Antza denez, ez.
Burgesiaren erretratu sakona eta minuziosoa da Martutene. Baten bati entzun diodan bezala: hemen ez dagoen burgesiari buruzkoa, baina tira. Fikzioa beti izango da fikzio. Idazleak beti sortzen du bere neurrirako mundu bat. Gogora dezagun Macondo, Garcia Marquezek bere pertsonaien neurrira eta moldera eraikitako herrixka zoragarri hura, non pertsonaiak irrealtasunaren ertzetatik ibiltzen ziren, gauza posible guztiei iseka eginez bezala.
Macondok balio zuen familiari eta botereari, maitasunari, pasioari eta heriotzari buruz hitz egiteko, zibilizazioaren parafernalia orotatik libre; ez objektu, ez tresna, ez progreso ez ezer. Macondo ezdenbora batean bizi zen, historiaren sokatik aparte, bere pertsonaien humanitateari atrezzorik gabeko agertokia eskainiz. Ez dut uste Macondo eta Rudyard Kiplingen edota Jack Londonen paisaia naturazkoak sakonean oso ezberdinak direnik, azalean guztiz ezberdinak izanagatik ere. Esan nahi dut paisaia mortu eta huts batek gizakia gizakiaren parean jartzen duela, edo, hobeto esanda, gizakia gizakiaren kontra, bere barruarekiko lehia estu eta terriblean. Eta antzeko zerbait egiten du Saizarbitoriak: ez den inguru bat asmatzen du, gizakiak trabarik gabe lehiatu daitezen. Baten batek esango du Donostia ikusten duela liburu honetan, Donostiako paisaiak eta jendeak, baina ezin da ukatu liburu honetako pertsonaiak aparteko mundu batean bizi direla, errealitateari ate-zulotik begira bezala, besteak den mundu ziztrin hartatik at. Mundua bera baino ederragoak eta sofistikatuagoak dira, ideia nobleagoak eta jasoagoak dituzte, babestuta bizi dira, edo babestu nahian. Isolatuta.
Gizakiaren etsaia handiena, Saizarbitoriaren Martutene-n, gizakia bera da, edo, zehatzago esatearren, gizakiaren iraungitze ezinbestekoa. Gizakia bere gainbeheraren ikuskizun ikaragarriaren aurrean txikia eta barregarria da, ezintasun batean bizi da, eta egiten dituen gauza ia guztiak antzuak iruditzen zaizkio. Baina ez du etsitzen, ezin du etsi. Egiten dugun horrek geure barruko ikarak uxatuko ez dituela jakinik ere, bizitza bizitzea deliberatzen dugu, horretarako eszeptiko eta tarteka ziniko samarrak izatea egokitzen bazaigu ere. Nola izango gara idealista, geure patua lurrarekin berdinduta amaitzea bada? Amaiera terribleegia da, bizitza epikotasunez bizitzea serio hartzeko.
Camusen ideien oihartzunak entzun litezke? Agian bai. Egia-ren jakintzak libre egingo gaituela sinetsita abiatuko gara haren bila, baina, amaierara iritsita, geure galbidea baino ez dugu aurkituko, amaiera. Bizitza tranpa absurdoa da.
Eta bizitza tranpa absurdoa denez, pasioa baizik ez zaigu geratzen. Pasioak geure patuaz ikasi duguna eramaten lagunduko digu. Hilko gara, ados, baina bitartean izan gaitezen zoriontsu, edo, behintzat, egin dezagun zorionaren antzerkia. Komedia bat izango da, ados, baina ongi pasako dugu, eta, dakiguna jakinik, ez da gutxi. Pasioak geure jantzi sofistikatuak kentzeko baimena ematen digu. Biluzten garenean, ez gara maitalearen aurrean bakarrik biluzten, geure buruaren aurrean biluzten gara, geure biluztasuna besarkatzen dugu. Itsasoan lehen aldiz sartzen den umeak amaren eskua behar duen bezala, geure gorputz ahula aurrez aurre begiratzen dugunean, geure gorputza laster haragi hutsa izango dela jakinik, maitalearen eskua behar dugu, aurkikuntza ez dadin horren latza izan. Maitasunak (pasioak) anestesiatuko du gure mina.
Hau guztia da, labur esanda, lan monumental honek niri iradoki didana, eta, berriz diot, ezin dut ulertu nolatan hitz egin den horren gutxi hari buruz.
Literatura. Hirudia
Martutene
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu