Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Martutene liburutegia

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Liburu lodien apalean daukat Martutene, ezker-ezkerrean; gero datoz Moby Dick eta, zer diren kasualitateak, Moroak gara behelaino artean. Hirurak dauzkat irakurtzeko gordeta, nork daki, egunen batean kartzelara eramaten banaute ere. Inguruan ez dut sumatzen nirea bezalako beldur irrazionalaren trazarik batere, inork ez baitu nahi libururik etxean jada, ezta itxura egiteko ere. Liburutegian agertzen dira tarteka, tontorka, jendeak etxetik kendu eta hara eramandako liburuak. Eta liburutegiak ez dauka denak gordetzeko lekurik, ordenagailua hartuta ikastera edo lanera joaten den jendeari geroz eta leku gehiago egin behar baitio, besteak beste, zerbitzu publiko efikazaren izenean. Jendea ibiltzea da kontua: egunkariak irakurtzen, wifia hartuta telefonoarekin, berogailu ondoan eserita erdi lotan... Esan nien azkena: laster liburuak kendu beharko dituzue, jendea sartzeko.

Eider Rodriguezek idatzi zuen sarean: «Fahrenheit 451 2.0: 'Hezkuntza sailburu izaten utzi dizute egun batez. Hiru aldaketa egin ditzakezu bizi zaren tokiko hezkuntza sistema hobetzeko' da irakasle izan nahi duten bigarren mailako ikasleei jarri diedan idazlanaren gaia eta heren batek erantzun du liburuak desagerraraziko/kenduko lituzkeela. Atseden bat behar dut».

Atsedena hartuta ez ahal zaio telebista piztea okurrituko... Historiari buruzko saio bat hasi da orain gutxi ETBn: Itxi liburuak.

Urtarrilaren 21ean Itziar Ugarte Irizarrek Unai Elorriagari egindako elkarrizketa zekarren berripaper honek, Iturria aitzakia hartuta egina. Aipatzeko moduko hainbat kontu esaten zituen idazleak; niri, hasieran besterik ezinean eta orain bokazioz XX. mendekoa naizenez, arreta piztu zidan honek:

«Nire oraingo ikasleak 2002 inguruan jaio dira, eta eurentzako XX. mendea ez da existitzen. 'Gu ez ginen jaio; beraz, ez da interesgarria'. XXI. mendekoak dira erabat. XX. mendea da entelekia bat ez dutena ulertzen, eta ez zaiena inondik inora interesatzen. Eta harritzen nau. Egun gazte askok duten tristeena jakin-min falta hori da. Niri asko interesatzen zitzaidan nire aurreko sasoia, nondik natorren jakiteko: zer gertatu den hemen, gerra bat, haren ondorioak, nola ikusten duen heriotza 90 urteko batek...».

Eta pentsatu nuen beharbada horixe dela tristeena, gaina hartzen ari zaidan jakin-min falta hau, XXI. mendea ulertzen saiatzeko nagia, nire sasoia pasatu zela eta orain munduaren zama, eta munduaren ederra, beste batzuei tokatzen zaiela sentitzea batzuetan, inor liluratzen ez duen eskapismo baterako tentazioa gailentzea geroz eta gehiagotan, neure garaiari eta bizi naizen tokiari bizkarra emanda bizitzeko aukera aintzat hartzen hastea, egunean hiruzpalau aldiz, beste garai batean, beste leku batean, ahal bada hemendik urruti.

Irakurtzen dut Iñigo Astizen Hogeita bat poema eta horrekin bale egiten dut, nahikoa, ulertu dut azkenean XXI. mendea esaten diot neure buruari eta ez dut besterik behar. Joan naiteke orain telebista ikustera, telefonoan txorakeriak irakurtzera, berogailu ondoan eserita, eta holaxe egon naiteke hil arte, belauneko mina gorabehera, Realak zer egin duen beste kezkarik gabe.

Oso gauza arraroa ematen du begiratu batera, baina oso ohikoa dela konturatu naiz: jenderik gehiena hala bizi da, neurrira egindako mundu batean. Esango didazue bestela: Australiako lehen ministroak esan du suteena Jainkoaren lana izan dela.

Adibideak milaka aurki ditzakezue egunero hor zehar, neurrira egindako mundua eraikitzen du batek azkenean, teknologiak asko errazten du hori, algoritmoek zuk zeuk baino hobeto dakite zer nahi duzun, eta horixe ematen dizute denbora guztian, eta zu hortxe, bertan goxo, zure bizimodu erosoaren oinarriak kolokan jar ditzakeen guztia bazter uzten etengabe.

Gutxiago, askoz gutxiago irakurtzen dudanetik, mundua lauagoa bihurtu zait, ertzak galdu ditu, dentsitatea galdu du, gorputza galdu du, denbora galdu du: neurrira egindako eguneroko errealitatea besterik ez daukat orain.

Hain da laua nire mundua, ia nobela bat bailitzan irakurri nuela urtarrilaren 22an BERRIAk zekarren erreportajea: Kartzelako ate nagusitik ihes. Ezaguna nuen historia, ezagutzen nituen protagonistak, baina ez nituen ezagutzen xehetasunak, eta gozatu egin nuen irakurtzen.

Eta pentsatu nuen orain liburutegiek irakurtzeko ez eta beste edozertarako izan behar dutenean, liburuak kendu eta lekua egitea denean premiarik larriena, Koldo Mitxelena Kulturunea berritu behar duten honetan, beharbada agintariek eskertuko zidatela ideia zoragarri hau: Martutene liburutegia.

Ondo bidean Martuteneko kartzela laster hustuko dute, ez gizartea antolatzeko beste modu bat hobetsi dutelako, jakina, baizik eta kartzela berria eraikiko dutelako Zubietan, beste erraustegi bat, eta hara bideratuko dituztelako presoak, inon nahi ez dituztenak.

Beste leku guztietan bazter utzitako liburuz betetzea da nire proposamena. Baztertuen Liburutegi Nazionala. Sartu bai, nahi adina, baina liburuak ezin dira atera. Ez dago mailegurik. Ez dago wifirik. Ezin da telefonorik sartu. Berogailua badago. Irakurtzera etorri zara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.