Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Marka I (marka beltza)

2025eko otsailaren 9a
04:30
Entzun

Ez dut halakoetarako joerarik, baina aitor dut: Bodega talde estatubatuarraren azkena izenagatik entzun dut. Taldearena zelebrea da, diskoarena geniala: Our Brand Could Be Yr Life. Gure marka zure bizia izan liteke, alegia. Erreferentzia harrapatu ez baduzue, hona argi pixka bat: Michael Azerradek antzeko izena zuen liburu entzutetsu bat argitaratu zuen 2001ean, Estatu Batuetako 80ko musika independenteari eskainia. Our Band Could Be Your Life zen orduan, Our Brand daorain. Hizki bat besterik ez da behar taldea marka bilakatzeko, baina ez da hitz joko soila.

Bethany Klein ikertzailearen Selling Out liburua irakurri dut berriki eta deigarria iruditu zait rapari buruz dioena. Izan ere, Azerradek bere liburuan aztertzen dituen taldeen eszena hartan «saldua izateak» sortzen zuen eztabaida eta gatazka oso bestela bizi izan zen hip-hoparen munduan, Kleinen arabera. Musikaren industrian beltzek ez dute behar bezalako ordainsaririk jaso historikoki eta ez dira botere posizioetan egon. Beraz, Run DMC taldeak Adidas enpresarekin babes kontratu aitzindaria sinatu zuenean, ez zituen hautsak bereziki harrotu: bestela emango ez zitzaiena lortzeko bidea besterik ez zen hura. Halakoak ezin ohikoagoak bihurtu dira geroztik: Rihannak, adibidez, 2019an diru gehiago lortu zuen antzeko kontratuen eta bere Fenty Beauty enpresaren bitartez bere musikatik baino.

Begiratu zuen Instagrama: zuen lagunetatik zenbatek egiten dute kirol marka baten, krema batzuen, enpresa jakin baten edo, are gordinago, bere buruaren iragarki etengabea? Joera orokortua da. Are gehiago musikarien kasuan: Durangoko Azokan egindako BaDA!bil podcastaren zuzenekoan Idoia Asurmendi eta Amancay Gaztañaga entzun ahal izan genituen sare sozialetan izan beharreko esposizioaz kexaka. Ez dira lehenak izan horretan, ez dira azkenak izango.

Achille Mbembe pentsalari kamerundarrak «beltz bilakatzeaz» hitz egin izan du. Beltzek jasandako tratuaren orokortzeaz ari da, mundua beltz bilakatzen omen baita gizakien, gauzen eta salgaien arteko muga lausotzen denean, inork –beltzek, zuriek, gizonek, emakumeek– ihes egiteko aukerarik ez dutela. Norbera marka bihurtzea da agian maldizio horren ondorioa eta, hein berean, patuari ihes egiteko saiakera etsia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.