Nagore Amondarain.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

Manexak gara

2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Biarnoko Oloroeko karrika guztiak ezagunak ditu Zuberoako gazte batek, gerta daitekeena da Baionakoetan galduta ibiltzea. Zuberoatik Aretxabaletaraino, dagoeneko, ezagunak zaizkien errepideetatik datoz Dominika Agergarai eta Artzen Letona, baina egoeraren berri ematean eta Zuberoako errealitatea orokortzean bestelakoa da mezua; probintzien arteko harremanak indartzearen behar urgentea dagoela.

Dinamika anitzen lurraldea da 13.000 biztanledun Zuberoa, maskaradetan dagoena, pastoraletan dago, ikastolan eragiten, Xiberoko Bozaren aldeko diru bilketan edo Kantu Txapelketako antolaketan.

Kontraesan batean bizi omen dira egun pastoralak, horietan parte hartzeko ez da euskararik ezagutu behar, ez baitago inprobisaziorik, buruz ikastea nahikoa baita. Aste honetako Argia-k Zuberoako beste ahots bat ekarri digu, eta Ttittika Rekalten iritziz, «pastoralak iruzur kulturala dira kasik». Herrien arteko lehia ere sumatzen omen da egun, Dominikaren iritziz, zeinek antolaketa onena izan, adibidez. Beste arrangura bat, behar diren kideen bikoitzak nahi izaten duela horietan parte hartu.

Maskaradetan, berriz, ez da holako nahikunderik ikusten. Euskara zinez menperatu behar da, inprobisazioz asko baitu, adibidez, arrapostu eman behar baita ikusleengatik zerbait entzunez gero. Urtero herri bateko gazteek antolatzea, beraz, lorpen bat da. Iazko maskarada ikastoletako ikasle ohiek antolatu zuten, herri bakar bateko gazteek antolatu ordez, urte horretan eman behar zen hutsunea ekidin eta maskaraden jarraikortasuna bermatzeko. Baina, hala ere, izan zen ahots kritikorik eta sasi maskarada-tzat izendatu zuten iazkoa.

Inoizkorik isiltasun sakonena izan da eskola egunean, zubererari ulertzeko belarri guztiak jarri behar zaizkiolako. Ikastoletan zubereraren transmisioa ikas-materialen eta irakasleen ahaleginaren bidez ari dira bermatzen eta entzule guztiok aldi berean egin dugu «ooh…». Lehenengo kolpean zera datorkit burura, bizkaieraz irakastea atzerakoia zaigu eta zubereraz irakastea pozgarri? Bigarren kolpean barneratu dut bizkaieraren transmisioa etxetik bermatu ahal den moduan, Zuberoan ez dela horrelakorik. Bestetik, kolegioan batueraz aritzeko guztiz gaituak diren moduan, bizkaitarrek nahiko lan unibertsitatean ere batuan aritzeko. Iparraldean ez baita euskalkia vs batua amildegia hemen bestekoa.

Kantua, ikastolak, zinema… guztia ari da izaten lagungarri zubereraren iraupenerako. Bitxikeria moduan, Xora zubereraz egin den aurreko filmaren estreinaldian Mauleko zineman film espagnol moduan aurkeztu zuten, nonbait banaketa hegoaldetik bideratu delako.

Eginahalak eginda ere, manexak izango gara Zuberoatik kanpoko oro. Probintzien arteko harremanak sakontze horretan, laguntza ematen eta partekatzen asmatu beharko dugu hegoaldekook, baina paternalismotan erori gabe. Prefosta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.