Bidaian abiatu aurretik, kulero-galtzontzilloak zenbatzeaz batera (buru-eragiketa bitxia, inondik ere), beste buru-hauste bat izaten du bagaje-atontzaileak: zer liburu eraman erabakitzea. Eta horretan dago nire ezagun bat ere, zuetako asko bezala.
Gogo-aldarte nahasi samarra izaten da halakoetan. Demagun Italiara joatekoa dela liburu-aukeratzailea, eta ez duela leku faltarik izango, popotan joatekoa baita. Demagun musika hautatzen ez duela lanik izan, azkenaldian Pirritx & Porrotx erabat nagusitu baitira bidaldi luzeetan. Ohe ondoko apalategira hurbiltzen da nagiturik, han lo baitautza irakurri gabeko irakurgaiak. Liburuek ez daukate ex-libris dotorerik, baina agerian dute non-noiz erosi diren, epitafio apal gisara.
Apalean dauka Cesare Paveseren The Selected Works of C.P. bilduma (2007ko abendutik), lantzean-lantzean zabaldua eta aldez irakurria. Egokia izan liteke bidaiarako, oporlekuaren zaporea emendatzeko-edo. Edo egokiagoa al da bueltarako gordetzea, Italiako egunetako barea hainbat gehien luzatzeko? Ut, ut, bidaia-gida aski izango da.
Ondoan, badira gure literaturako bi emaitza mardo, Twist eta Martutene (biak ere 2012ko apiriletik), arnasaldi luzekoak eta halako abagune baten esperoan gordeak. Hara, zalantza egin du: ez luke gure berunezko urteetako kontakizunik nahi bere buruan, San Gimignano-ren gorako joranak azpian hartzen duenean, demagun. Denbora aproposa, lekua afrusa.
Beharbada, «ezinbesteko» beste liburukote batzuk paretik kentzeko tertzioa izan liteke. Thomas Mann-en La montaña Mágicak (2012ko abendutik) eta Musil-en The Man Without Qualitiesek (2010eko urritik) altxatzen dute besoa. Musilenak lehentasuna leukake, aspaldi hasia baitu aukeratzaileak, eta laket izan zitzaion irakurritako apurra, baina hain da, nola esan, austrohungariarra, eta… luzea (hamabost egun aski izango al dira?). Mannena freskagarri izan liteke Ferragostoko bero errean, baina…
Literatura Unibertsala bildumako liburuak ere zain dauzka bagaje-atontzaileak (batzuk bilduma osatze hutsagatik erosiak), bai eta Elkarrek aspaldi kaleratutako itzulpen haietako batzuk ere (tartean Faulkner-en Santutegia). Melville (2012ko azarotik) eta Proust (2010eko azarotik) agertu zaizkio xarmagarrien. Liburuzalearen betebeharra eta plazera aise nahas baitaitezke lerroaldeotan.
McEwan-en Hoben-ordaina ere (2013ko otsailetik) kilikagarri zaio, baina ez al da hobe filma erabat ahaztu arte itxarotea, interferentziak saihesteko? Andre Lonjo-ren Hamar (2012ko uztailetik), berriz, oso «propiyoa» litzateke, Italian girotua baitago, baina hegoaldekoegia ote den gure bidaiaren koordenatu ipartarretarako (eta lehengo ardura bera: itzuli osterako uztea hobe ez ote den).
Saiakerak ere lausengari dabilzkio: Bloom-en pare bat liburu, Pruden Gartziaren La España metafísica (2012ko irailetik), J.M. Olaizolaren El protestantismo en el País Vasco (2013ko urtarrila)… Bloomenak behingoan baztertu ditu, klasikoez irakurri baino klasikoak irakurtzea onuragarriago delakoan. Gartziarena ere bai, horixe beharko baitzuen: espainiar uztarpea Italiaraino eramatea. Olaizolarena, aldiz, ño, interesgarri da, eta probetxua atera liezaioke euskal itzultzaile protestanteez idazten ari den artikulutxoetarako.
Orduan, ez bat ez bi, itzulpengintzaren historiari buruzko testu multzora lerratu zaizkio begiak. Ez dira gutxi: bat, bi, hiru… dozena bat (Venuti, Woodsworth...). Kontzientziaren harrak hozka egin dio sabelaldean. Baso bete ur hartzera joan da ezkaratzera. Han, Garazi Arrularekin batera euskaratzen ari den Scott Fitzgeralden kontakizun-bildumarekin egin du topo, izenbururik gabe espiralarekin koadernatua hura.
Semearen gelara sartu, eta Irrien lagunen aldizkariko ale batzuk hartu ditu; maletan sartu ditu txukun-txukun, kopuru doiko galtzontzilloen ondoan. Maleta itxi eta behegainean utzi du, oheratzeko apalategiko liburu artegen ondoan. Ez ahal diote loa galaraziko.
Literatura. Hirudia
Maletarenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu