Berriro ere iritsi da uda Euskal Herrira, zalantzati, uzkur, ohi duen bezala. Haurrek pozez jaso dituzte urtean zehar erabilitako liburu, koaderno eta arkatzak. Zati baterako, azkenengoz eraman dituzte amantalak etxera. Ikasgeletara, berriz, negua iritsi da; hutsik gelditu dira, ezohiko isiltasunean.
Nik ere badut amantala jasotzeko ordua, hamabi hilabetez baino gehiagoz bete dudan BERRIAko sail hau uztekoa. Une honetan ikerketan eta irakurketetan murgiltzeko denbora hartu nahi dut, Martutene-tik Tolosan barru ibiltzen utziko didan denbora.
Ezin, baina, agur esan, aukera hau eskaini didatenei eskerrak eman gabe. Duda barik, badago zertaz hausnartu eta zertaz eztabaidatu euskal literaturaren inguruan, eta benetan eskertzen dut nire hausnarketak plazaratzeko abagunea eskaini izana. Orain, egia esan, lasaiago irakurriko dut BERRIA, irakurlearen aulkitik, eta zalantzarik gabe, gozatu egingo dut eztabaida berriekin eta pentsatzera gonbidatzen gaituzten planteamenduekin. Aurrerantzean, lehenago bezala, nire konpromisoa izango da paperaren zuri-beltzean dautzan hausnarketa horiek adiskideen arteko solas bihurtzea, eta jarraipena ematea igande goizeko kafearen inguruan. Izan ere, hiru mila eta bostehun karakterez osatutako zubia motz geratzen da irakurlearengana esan nahiko genituzkeen guztiak helarazteko jorratzen dugun gai bakoitzari buruz. Horrela, zutabegileak ereiten duena bakarrik garatuko da irakurleak egiten baldin badu hortik aurrerako lana. Aurreko batean nioen nekagarri gertatzen direla, neurri batetik gora, nekerik gabe irakurtzen diren liburuak. Ildo horretatik, iruditzen zait testuak zer pentsatua eta zer hausnartua eskaini behar duela, baina irakurlearen lana dela hortik tira egin eta nork bere irakurketa osatzea. Eta irakurketa hori taldean eraikitzen bada, are hobeto.
Nik, nire aldetik, espero dut Hirudiko hirukote honek asmatu izana hausnarketarako gai batzuk proposatzen, aurrekoek asmatu zuten bezala. Eta espero dut, halaber, aurrerantzean ere gako berriak jasotzea eztarri berrietatik. Izan ere, benetan garrantzitsuak iruditzen zaizkit Hirudia bezalako arnasguneak, literaturaren erdiguneko diskurtsotik urrutiratzeko aukera ematen dutenak. Hemen literaturarekin lotutako askotariko gaien inguruan eztabaidatu daiteke, iritziak partekatu, zalantzak kaleratu... Ander Iturriotzek zioen bezala, horrelako guneetan ere sozializatzen da literatura, eta egia esaten badizuet, harritu egin nau ikusteak zenbat irakurlek jarraitzen duen tarte hau. Horri lotuta, esan behar dut oso gustura jaso ditudala irakurleen iritzi, mezu eta iruzkinak. Hortaz, mila esker astez aste jarraitu gaituzuen guztioi, bai eta lantzean behin jarraitu gaituzuenoi ere. Artzeri lapurtuko dizkiot azken hitzak, eta Iturriaga eta Elortzari, moldaketa: «maite ditut/ maite/ geure bazterrak/... baina bizi dituzten pertsonei eskerrak». Baita bizi izan zituztenei ere, nola ez.
Literatura. Hirudia
Maite ditut, maite...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu