
Zinema. Fantasien gatibu
Maitasuna
Quentin Tarantino zinema zuzendaria zen zinema egiten hasi aurretik. Manhattan Beach-eko bideoklubean bere eszena gogokoenak antzezten zituen garaian egile zen, inork ezagutzen ez zuen arren. Zinema zuen pasio. Odolean zeraman, eta zinemari bizitza osoa eskaintzeko prest zegoen. Bideokluba Hollywood bezain toki egokia izan zitekeen zinema gurtzeko. Jainkoarekin egoteko ez duzu Vatikanora joan beharrik: zure barneari so egitea nahikoa duzu. Tarantino zinema baita, eta zinema izaten jarraituko baitu hiltzen den arte. Haren zinemarekiko maitasuna ikaragarria da; ez du mugarik, eta, horregatik, Eliza katolikoko apaizek egiten zuten moduan, uko egin dio ezkontzari eta seme-alabak edukitzeari. Ekintza oro zinemari eskaini nahi izan dio. Haren kasuan zinema eta bizitza gauza bera direla baieztatu daiteke. Txikia zenetik pantailan ikusitako irudiekin imajinatu izan du mundua; haren mundu ikuskera berezia da oso; horregatik ezin daiteke inolaz ere zuzendari amerikarra kontsideratu, zinemarekin sentitzen duen maitasunak era guztietako aurreiritziak gainditzen lagundu baitio. Zinemak muga guztiak hausten dituelako. Bihotzari baino ez dio jaramonik egiten, eta berdin dio besteek zer dioten. Travolta akabatuta zegoela ziotenean, Vincent Vegaren rola antzezteko aukera eskaini zion; Pam Grier Jackie Brown filmeko protagonista bilakatu zuen; Zoe Bell espezialistak kameraren bestaldean lan egin ahal izan zuen Death Proof-en, eta, bide batez, Grindhouse programa bikoitzari omenaldia egin nahi izan zion Cannesen; Inglourious Basterds-erako beste mirari bat gauzatu zuen: Christoph Waltz aktore austriarra ezagutzera eman zuen. Horrez gain, Hollywoodeko errealismo faltsuak ezkutatzen duen ideologia atzerakoia ezbaian ipini zuen nazien hizkuntza errespetatu zuenean. Naziek ez baitute inoiz ingelesez hitz egin. Zinemaren sakratutasuna aldarrikatzeaz gain, fikzioaren benetakotasunean sinesten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu