«Flamenkoaren dantza-maistra handienetakotzat jotzen den Pilar López koreografo donostiarrak zuzentzen zuen taldea», esaten zuen testuak. Katalogo baterako gazteleraz idatzitako testu baten euskaratzea berrikusten ari nintzen esaldia topatu nuenean. Azkar konturatu nintzen mistress efektuaren aurrean nengoela eta gaztelerazko testura jo nuen: «una de las grandes maestras del baile» esaten zuen hark. «Dantza-maistra» irakurtzean akademia bateko irakasle xume bat zetorkidan burura, baina gaztelerazko bertsioan, aldiz, argi ikusten nuen flamenkoa dantzatzen bikaina zen erreferentziazko artista bati buruz ari zela.
Mistress efektua deitu diot 1981ean jada Griselda Pollockek eta Rozsika Parkerrek ingelesez gertatzen zen genero-jokoa identifikatu zutelako. Old masters erabiltzen da hizkuntza horretan artearen maisu handiak izendatzeko, museo guztietan dauden gizonezko artista-jeinu ezagunak. Terminoa femeninora eramaten denean, ordea, old mistresses geratzen da, eta honen esanahia guztiz bestelakoa da: amorante zaharkitu baten irudia da burura datorren lehena, eta bigarrena, euskarazko berdina, irakasle zahar ezkongabearena (andereñoa).
Ez da gauza berria izenordainetan generoa desberdintzen ez duten hizkuntzek ere genero marka erakutsi dezaketela, eta Blanca Urgelli utziko diot fenomenoaren azalpen filologiko duina ematearen lana, gogorik balu. Artearen historiaren ikuspegitik agerikoa dena zera da: artista jeinuaren, maisuaren ideia hain argiki eraiki dela identitate maskulinoaren inguruan, ez dagoela femeninoan esanahi sinboliko bera duen euskarazko hitzik. Oraindik ez dut argi zergatik ulertu nuen gaztelerazko esanahi sinbolikoa euskarazkoa baino lehenago: artearen historia feminista gehiago idazten delako gazteleraz eta hizkuntzaren erabilera politikora ohituagoa nagoelako? Generoa argiago agertzen denez hizkuntza horretan, eta azken urteotan femeninoa erabiltzeko kanpaina indartsua izan denez, a letraz amaitzen diren hitzek prestigioa irabazten joan direlako? Thyssen-Bornemizsa museoan ospatutako Maestras erakusketak Pollock eta Parkerren testuari egiten zion aipamena izenburuan, baina bazuen halere hitzaren indarrean konfiantza; ez ziren arriskatuko artisten kalitatea zalantzan jarri zezakeen izenburu bat hautatzen. Edo nire pertzepzio subjektibo hutsa da eta «gran maestra del baile» irakurtzean jende gehienak irakasle bat imajinatzen du?
Edozein kasutan, edizioa gainbegiratzen ari garen bi lagunok maistra hitza aldatu nahiko genuke anbiguotasuna saihesteko, eta ez dugu ordezkorik topatzen. Euskarak emakume artista bikainaren irudia hitz bakar batez igortzeko duen ezintasunak zer adierazten duen pentsarazi beharko liguke.