Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Magnetismoari erresistentzia

2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Nik ere, nire belaunaldiko gehienek bezala, kaseteak erabili nituen musika gordetzeko. Baita musika egiteko ere. Zinta bakoitzak irauten zuen minutu bakoitzari ahalik eta segundo gehien nola atera pentsatzen pasatu izan ditut orduak. Oparitzeko zintak, bilduma ezinezkoak, denetarik egindakoa naiz, baina, egia errateko, ez ditut faltan botatzen kaseteak. Musika egiteko baliteke, baina musika entzuteko, ez bereziki. Eta, ustekabean, azken urte honetan kaseteak pilatzen ari zaizkit mahai gainean. Denak argitaratu berriak. Jaun-andreok, kasetea bueltan da! Juxtu disko konpaktu bat argitaratzea ia-ia erresistentzia keinu bihurtzen ari den garaiotan zinta magnetikoak argitaratzen hasi dira berriz. Zaila da jakitea, erresistentzia, errebeldia edo marketing kontua den, baina biniloari bigarren bizia DJak eman bazion, oraindik ez dut argi ikusten nor ari den zintaren defentsan. Ezta zertarako ere. Nork aldarrikatuko du musikari kalitate hoberik eskaintzen ez dion objektu zaharkitu, hauskor (gogoratzen ataskatzen zirenean?) eta deserosoa? Nork aterako du bere pletina zaharra, (onenean garbitu eta txarrenean moldatu beharko duena), beharbada gustuko izango ez duen musika entzuteko ipodean hainbertze disko eskura izanik? Argi dago: bere buruaren nostalgia duenak, soilik. Pilatzen ditugun objektuak gure izanaren memoria baldin badira, kaseteak zuzenean GU bihurtzen dira. Musikaz gain, bizi honetan igaro dugun denbora zati luzeak gordetzen dituztelako beraien plastiko gogorreko kutxetan. Postontzian kasete berri bat jasotzen dudan aldioro, ezin diot zahar sentitzeari utzi. Saiatuta ere sinesgaitza egiten zait, akaso bihar moda-modakoa bihur daitekeen arren, jende gaztea berriz ere kaseteak erosten imajinatzea. Edo beraien gurasoei walkmana non demontre gorde zuten galdezka imajinatzea. Ezin diot kaseteari nostalgia ez den bertze arrazoirik topatu. Beharbada, hor dago benetako erresistentzia. Ez, izan ginen hura ez ahantzi nahi izatean, baizik eta momentu bakoitzean izatera behartzen gaituzten horrekiko kritiko agertzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.