Amagoia Gurrutxaga Uranga.
DENA ETA EZTENA

'Lolita' gaur

2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Aspaldikoa da bideoa, eta, antologikoa izanik ere, aste honetara arte ezagutzen ez idazten dizuen honek. Bernard Pivoten Apostrophes mitikoaren 1975eko saio bat da; Vladimir Nabokov (San Petersburgo, Errusia, 1899 — Montreux, Suitza, 1977) elkarrizketatzen du bertan. Solasaldian harrigarri egiten den lehen gauza: elkarrizketatuak erantzunak idatzita dauzka, irakurri egiten ditu kameren aurrean; galderak aurretik pasatu zaizkio, beraz. Nabokovek Pivoten saiora joateko jarri ei zuen baldintza hori, eta kazetariak, onartu. Trukean, idazleak telebista kameren aurrean emaniko elkarrizketa bakarra lortu zuen.

Sobietar iraultzaren aurreko eta ondorengo bere Errusiako bizipenetaz, erbesteaz, umetatik ikasitako hizkuntzetaz, Sigmund Freudi zion herraz eta, nola ez, literaturaz mintzo da Nabokov bertan. Eta Lolita-z, ezinbestean. «Lolita ez da ume maltzur bat. Alferrik galtzen duten eta Humbert jaun nardargarriaren laztanekin zentzumenak inoiz erabat pizten ez zaizkion ume koitadu bat da. […] Interesgarria da aztertzea 1955ean sortu nuen ninfularen pertsonaiak iritzi publikoan nozitu duen degradazio burugabea. Ume errukarriaren zitalkeria neurri gabe puztu bakarrik ez, haren itxura fisikoa, adina, dena aldatu dute», dio elkarrizketan Nabokovek. Eta 20 urteko neska gazte zango-luze askori «Lolita» eta «ninfula» deitzen zitzaiola, behar ez bezala. «Lolita, berez, 12 urteko haur bat da; Humbert jauna, berriz, gizon heldu bat […] Humbert jaunaren begirada maniakoan besterik ez dago ninfularik. Lolita, ninfula, ez da existitzen Humbert suntsitzen duen obsesioan besterik. Hori funtsezko ezaugarria da fikziozko ospeak faltsututako liburu berezian».

Alferrik izan ziren 1975eko elkarrizketa hartan Nabokoven azalpen haiek. Lolita maltzurren ideia indar betean ageri zaigu egungo pop iruditerian ere. Gizon helduaren begirada obsesibo-maniakoa erabat normalizatu dela, alegia, neskatoaren eta sormen lanaren kalterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.