Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Lola

2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Gau partean txaranga baten abaroan ari ginen dantzan. Joxe Ripiaurenak eta Niko Etxartenak jo eta gero, iparraldeko txarangako abeslariak esan zuen «tira, beste batzuk joko ditugu, ea hauek ezagutzen dituzuen eta dantza pixka bat egiten duzuen» (zer pentsatua eman beharko liguke honek hegoaldekoei), eta jarraian hasi ziren euskal (erdarazko) folklorearen greatest hits-ak jotzen, txaranga version. Mierda de ciudad, Txus es un alcoholico, Enamorado de una botella, eta, noski, Lola por qué estás sola. Zutabegarria den momentu bat identifikatu nuen orduan, hantxe, hankak halabeharrez mugitu eta kantu horiek hamar milagarrenez entzutearen ondoriozko asperdura absolutuak hartzen ninduen bitartean. Eta halakoetan egin ohi dudanez, mugikorreko oharretan apuntatzen ditut identifikatu dudan ernamuinaren adartxo guztiak. Hona hemen txaranga epifaniko hartatik ateratakoak.

Aipatu ditudan kantuek eta punk edo rock mugimenduek izan zuten beren momentua eta momentu hori, gero, mugimendu guztiei gertatzen zaien bezala, pasatu egin zen. Alabaina, euskal rock erradikal mitikoa osatu zuten kantuek jarraitu egin dute, bizirik baino, zonbi deskafeinatu modura. Denek abestu ditugu kantu horiek, nahita edo nahigabe, eta badakizkigu errepikak. Ez ditut kantu horiek gutxietsi nahi, baina gaur egun tabernan kantu horiek jartzen dituztenean performance nostalgiko arraro samar bat egiten dugu 1980ko hamarkadan bizirik ere ez geundenok. Eta harrigarriena da denek dakigula kantu horiek NOLA abestu behar diren eta beti egiten dugula berdin. Bexamela eta pastela-tik Txus-era pasatzen garenean automatikoki ateratzen zaie batzuei barrutik beste ahots bat, beste gorpuzkera bat, espazioa hartzeko beste modu bat (#lololo). Eta hori guztia ikasia da.

Lola abestu bitartean pentsatu nuen bigarren gauza izan zen 1980ko hamarkadako punk eta rock mugimenduak espazioa izan zuela maskulinitate konkretu bat legitimatzeko, eta esango nuke maskulinitate-eredu hori izan dela haren oinordetzarik handienetako bat. Ez diot garai hartako abeslariak matxirulo batzuk zirenik (haietako batzuk izango ziren, estatistika hutsagatik), ze ez ditut ezagutzen (halako talde batean aritu zen osabak behin esan zidan haiek zirela garai hartan ez-matxiruloenak, eta sinetsiko diot), baina geroago etorri diren belaunaldien parte zaratatsuegi batek haiengan irakurri eta erreproduzitu duten eredua oso maskulinitate konkretuari dagokio (#lololo). Uste dut badela garaia euskal musikaren eta maskulinitate-eredu euskal herritar jakin baten eraketaren arteko harreman zuzena aztertzeko (animatu dadila ikertzaileren bat, mesedez), ze susmoa dut nahiko genealogia eta influentzia argiak identifika litezkeela, eta ulertuko genukeela jarrera eta modu batzuk nondik datozen (maskulinitate-estiloez ari naiz, eta ez musika-estiloez). Aldi berean, gizonei taula gainean irakurtzen zaien neutraltasuna desmitifikatuko luke pixka bat. Ezin da euskal musikaren historiaz hitz egin testuinguru politikoaz mintzatu gabe, baina nik testuinguru politiko horren baitan txertatuko nuke maskulinitate (eta feminitate) eredu konkretuek izan duten lekua eta jaso duten miresmen eta bultzada.

Kantua lehertu zedin lurrean kokoriko zain nengoen bitartean izandako beste okurrentzia bat: milaka aldiz galdetu dugu ea Lola zergatik dagoen bakarrik, baina zergatik ote dago bakarrik Lola kantu horien guztien erdian? Zure pistolaren eta buztanaren artean aukeratu beharrean? Argudia liteke emakume disidente bat agertzen dela Lola kantuan, bazterrekoa, axolagabea, lotsagabea. Ados. Txus pertsonaiarekin paralelismo batzuk izan ditzake, bai. Baina Lolari zure zakila gustatzen ez zaiola jakiteko galdetu egin diozu, edo eskaini egin diozu. Txusek hilda amaitzen du eta Lolak bakarrik (ze, klaro, ez zaio zure buztana gustatzen). Eta emakume batentzat, denok dakigu, bakardadea da okerrena, are gehiago, behin eta berriro galdetzen badiozu zergatik dagoen bakarrik txaranga honen errepertorio nostalgiko-zonbiaren erdian.

Sasi-analisi erdi-mozkorti horren ostean, beste hamaika galdera idatzi nituen mugikorrean, hala nola: zergatik daude horrenbeste kantu emakume izen bat izenburu dutenak? Zergatik hitz egiten dute guri buruz modu oso konkretu horietan, ezker eta eskuin? Ze zuk, ustez #lololo performancerik egiten ez duzun horrek, akaso entzungo dituzu kantautore ezkertiar jatorrak, baina batzuetan horiek okerragoak dira (maskulinitate konplizeak). Gorroto dut jator itxurako batek abesten duenean «gustuko-dut-zu-ez-depilatzea-eta-makillajerik-gabe-zaudenean-ederragoa-zaude». Utziko nauzu bakean depilatzen eta makillatzen? Hitz egin zuei buruz, ostia. Feministak izan nahi baduzue arakatu zuen mobidak, landu zuen genero rolekiko dituzuen kontraesanak eta ez esan niri gora emakume askeak eta ez dakit zer. Ez dugu zuen hitzik behar, ulertzen? Nahi badugu depilatuko gara eta askatuko gara zuen onarpen-sasi-feminista-ezkertiartxorik gabe thankyou. Honaino heldu dira nire mugikorreko oharrak.

Kortatuk aurreikusi zuen kantuon patua: «Siempre lo mismo, mierda de canción». Ez dut txarangen kontra ezer, bide batez, baina agian errepertorioak berritu genitzake denon artean. Inkesta nazional bat egin. Letrak berritu. Nik, egia esan, abestu nahiko nukeena da «Lola ya no está sola», twerk pixka bat egiten saiatu bitartean (#lolala).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.