KRITIKA. Antzerkia

Liturgia laikoa

2024ko abenduaren 18a
05:05
Entzun

‘Hau gerra bat da’

Konpainia: Piszifaktoria. Antzezleak: Irati Agirreazkuenaga, Iholdi Beristain, Mikel Ayllon. Atrezzoa: Rosa Tortosa, Piszifaktoria. Musika: Igor Arzuaga. Lekua: Oiartzungo Landetxe. Eguna: Abenduaren15a.

Eskuorrian Szymborskaren aipua: «Gerra bakoitzaren ondoren norbaitek garbitu behar du dena. Gauzak ez dira, berez, ordenatuko, diot nik». Eta horra hor Hau gerra bat da trauma uxatzeko zeremonia edo erritual gisa ulertu dugula. Bulego batean nor den garaile erabakitzen dela aditzen dugu, eta hartara, mainguak, begi bakarrekoak, herrenak, arimarik gabe geratu direnak, halaber, musu leherrarazitakoa garaile izan daitezkeela azaldu digute.

Mikel Ayllonen testuak berebiziko garrantzia du testu-antzerkia ez den pieza honetan. Egia esan, eliz liturgietan bezala hitza munta handiko elementua den arren, Hau gerra bat da-k performance artistikotik gehiago du ohiko testu-teatrotik baino.

Lerro bakarreko borobil batean eseri gaituzte ikusleok. Musikaria (Arzuaga) eta narratzailea (Ayllon) kontrol eta musika-mahai banaren atzetik nork bere jarduerari egiten diolarik lerro berean kokatuta daude. Melodia malenkoniatsuarekin batera, soinu-banda iraunkorra entzungai izango dugu errepresentazioan zehar. Klik-ak nola, hitzak hala. Lubakia, frankotiratzailea, hotza, baioneta, bolbora, klik, klik. Katuan klik. Errusia, Ukraina, Alemania, Zumaia...

Gerrak errepikatzen direla gogoratzen digute, eta aurreko belaunaldiko guztiek horrelako bat bizi izan dutela. Gauzak horrela, Hau gerra bat da piezan gatazka gogora ekarriz, gatazka bera eta horrek sortu ohi dituen min-erreberberazioa urrundu nahi dituzte Piszifaktoriakoek. Ikusleok eskua altxatu dugu hainbat dilematan zer egingo genukeen adierazteko. Aktoreek erantzun kopurua zenbatzen zuten. Klik. Klik. Klik. Esku-kontagailua. Bi antzezleek biribil erdian dihardute, bueltaka, kantetan, lurrean, argien fokupean zutik, mugimenduan. Antzezleen berbek narratzailearen diskurtso poetiko hipnotikoari segida hartzen diote.

Landetxera sartzean Oiartzungo andre batek beste emakume bati hauxe esan dio: «Gaur zer dugu? Esperimentua, ezta? Ea ba». Eta barrura kontent pasatu dira.

Honela irakurri diogu Piszifaktoria ideien laborategiari Hau ez da gerra bat (Susa) argitalpenaren hitzaurrean, taldearen sorrerari buruz: «Guk ez baikenuen antzerkirik egin nahi. Guk jendearekin elkartu nahi genuen, haien erraietaraino sartu eskuak, barruak inarrosi. Dena aldatu». Eta trintxera horretan aurrera egiten ari direla bistan da. Txalo beroak amaieran; proposamena ondo ulertzen delako, konbateen oihartzuna gertu sentitu dugulako, gatazka armatuetan ardura dugula ongi ulertarazi digutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.